Euskal Herria Esnea Karrantzako (Bizkaia) kooperatiba sortu berriak «benetan larritzat» jo du produktuak euskara hutsean merkaturatzeko arazoak izatea. Taldearen ustez, etiketatzeari buruzko Espainiako legedia ez da bidezkoa, eta Eusko Jaurlaritzak Euskal Herria Esnearen kasuan lege horri ematen dion interpretazioa «guztiz murriztailea» da. Kooperatibak erantsi du Jaurlaritzak, bere jokabidearekin, euskararen erabilera sustatu beharrean euskaldunen hizkuntza eskubideak mugatu dituela.
Euskal Herria Esnearen, Kaiku kooperatibaren eta Eusko Jaurlaritzaren artean herenegun piztu zen tirabira hizpide izan zuen atzo Karrantzako kooperatibak. Eta produktuak euskara hutsean merkaturatzeko zailtasunez aritzeaz gain, Kaiku kooperatibaren bertsioari erantzun zion atzo. «Harria bota eta eskua gordetzea» egotzi dio Kaiku kooperatibari, horrek argudiatu duelakoEusko Jaurlaritzari eginiko eskaria izenari buruzkoa zela eta ez zuela jarri hizkuntzaren inguruko salaketarik. Karrantzako kooperatibak uste du Kaiku kooperatiba jakitun zela etiketatzeei buruzko araudia betetzeko eskatzeak zer arazo sor ziezazkiokeen Euskal Herria Esneari, eta horretaz jabetuta idatzi ziola Eusko Jaurlaritzari.
Kaiku kooperatibak gezurtatu egin zuen herenegun Euskal Herria Esnea ontziak euskara hutsean etiketatzen dituelako salatu izana. Maiatzean Eusko Jaurlaritzari igorritako idatzi bat plazaratu zuen, eta zera zioen bertan: Euskal Herria Esnea markak kontsumitzaileengan «nahasmena» sor zezakeela produktuaren jatorriaren inguruan.
Idatzi horren azken parrafoari erreparatu dio, ordea, Karrantzako kooperatibak. Honela dio parrafo horrek: «Eusko Jaurlaritzari eskatzen diogu aipatutako produktuaren merkaturatzea ikuskatzeko eta etiketatzean dauden arauak betearazteko». Euskal Herria Esnearen esanetan, izena ikuskatzeak ez du «inolako zerikusirik» testuaren amaieran Kaiku Kooperatibak egiten duen eskariarekin. Talde sortu berriak uste du Kaiku kooperatibak Eusko Jaurlaritzari egotzi nahi diola zigor prozedura hastearen errua, «agian lotsatu edo damutu» egin delakoan.
Orobat, hainbat zalantza adierazi ditu Euskal Herria Esneak. Ondoko hau, besteak beste: «Kaikuren asmoa ez ote zen salaketa horrekin konpetentzia kolpean ezabatzea eta gero Eusko Jaurlaritzari errua botatzea?».
Administrazio publikoen lana «legedia betearaztea» dela ohartarazi dute Eusko JaurlaritzakoNekazaritza eta Kultura sailek, Euskal Herria Esneari ontziak euskara hutsean etiketatzeagatik ireki dioten zigor txostenaren harira. Hizkuntza politika normalizazio prozesu adostu baten bitartez egin beharra dagoela ere adierazi dute bi sailek.
Eusko Jaurlaritzak herenegun berretsi zuen Euskal Herria Esnea Karrantzako kooperatiba sortu berriak Etiketatzeari Buruzko Espainiako Lege Orokorra hautsi duela. Produktua Sorian ontziratu eta etiketa euskara hutsean jartzeagatik hautsi du araudi hori, Eusko Jaurlaritzaren esanetan, eta gobernuak baieztatu egin zuen zigor prozedura bat abiatu duela kooperatibaren kontra.
Euskal Herria Esneari zigor espediente bat ireki arren, Patxi Lopezen gobernuaren nahia «euskararen erabileraren aldeko edozein ekintza bultzatzea eta babestea» dela ziurtatu du Kultura Sailak. Halaber, adierazi du administrazioak «eskura dituen tresna guztiak» jarri behar dituela herritarrek komunikatzeko nahi duten hizkuntza aukera dezaten, eta «Euskal Autonomia Erkidegoan dauden bi hizkuntza ofizialak, euskara eta gaztelania, egunerokoan askatasun osoz erabili dezaten». Elikagaien eta nekazaritzaren ikuspuntutik, ordea, Jaurlaritzak uste du lehentasuna dela «etiketak jasotzen duen informazioa zuzena eta legera egokitua» izatea, «kontsumitzaileen interesa eta eskubideak babesteko».
Produktuak euskara hutsean saltzeko arazoez kexatu da Euskal Herria Esnea
Eusko Jaurlaritzak adierazi du bere eginbeharra dela kooperatiba berriari araudia betearaztea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu