Proiektua onartuta, udaberrian hasiko dira itsasadar azpiko tunela egiteko lanak

Bizkaiko Foru Aldundiko Gobernu Kontseiluak oniritzia eman dio gaur behin betiko egitasmoari. Itsasadar azpiko tunelak 3,2 kilometro eta 543 milioiko aurrekontua izango ditu.

Elixabete Etxanobe eta Carlos Alzaga, itsasadar azpiko tunelaren aurkezpenean. BIZKAIKO FORU ALDUNDIA
Elixabete Etxanobe eta Carlos Alzaga, itsasadar azpiko tunelaren aurkezpenean. BIZKAIKO FORU ALDUNDIA
gotzon hermosilla
Bilbo
2025eko uztailaren 17a
16:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Hasi da Bizkaiko itsasadar azpiko tunela eraikitzeko atzerako kontaketa. Bizkaiko Foru Aldundiko Gobernu Kontseiluak oniritzia eman dio behin betiko egitasmoari, proiektua hedabideen aurrean aurkeztu dute, eta lanak lizitatzeko prozesuari ekingo diote segituan. Kalkuluen arabera, udaberrian hasiko dira itsasadarraren bi aldeak lotzeko zuloa egiten, eta lanak 2032an amaituko dituzte. 

Itsasadar azpiko tunela da egitasmoaren izena, baina, zehatzak izanda, tunel bi izango dira, bi hodi eraikiko baitituzte Artatzako biribilgunea (Leioan, eskuineko aldean) eta Ballontikoa (Portugaleten, ezkerreko bandan) lotzeko; hodi bat noranzko bakoitzeko, eta ibilgailuetarako bi bide hodi bakoitzean. 3,2 kilometro izango ditu tunelak, baina hori ez da izango lan bakarra: sarbideak ere egin beharko dituzte, eta horietako bat, Artatzako biribilgunekoa, lur azpian egongo da: beste bi kilometro, gutxi gorabehera.

Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako foru diputatu Carlos Alzagak azaldu duenez, bi eskualdeek oso ezaugarri desberdinak dituzte, eta horrek baldintzatuko ditu sarbideetan egin beharreko lanak. Ezkerraldeko tartea gune industriala da, eta han badago aukera ibilgailuek bira egin ahal izateko azpiegitura guztiak lur gainetik egiteko. Konplexuagoa da eskuineko aldean egin beharrekoa: etxebizitza ugari eta bi ikastetxe daude alderdi horretan, eta ez dago tokirik azpiegitura lur gainean egiteko. Horregatik, sarbidea lur azpian egitea hobetsi dute.

Lanek sortuko dituzten kutsadura, bibrazio eta zaratak kezka iturri izan dira inguruko herritarrentzat. Alzagak onartu du lanek «eragozpenak» sortuko dituztela, «obra handi guztiek bezala», baina iragarri du neurriak hartuko dituztela eragozpen horiek gutxitzeko. Adibidez, aurrekontuan diru poltsa bat gorde dute lanetatik hurbilen dauden etxebizitzetako leihoak aldatzeko, beharrezkoa balitz, eta lanak hasi aurretik notario batek ikuskatuko du etxebizitza horien egoera, lanen ondorioz arrakalarik edo bestelako kalterik agertuko balitz aseguru etxeetara jo ahal izateko. Artatza parkea lehengoratuko dute lanak amaitu ondoren, eta hobekuntzak ere egingo dituzte han. Eta ingurumenari dagokionez, neurri bereziak hartuko dituzte Ballonti errekan bizi diren arrain hiruarantzak eta Artatza parkeko Linaria supina landareak babesteko.

«Ez da kapritxoa»

Elixabete Etxanobe ahaldun nagusiak esan duenez, egitasmoa «estrategikoa, asmo handikoa eta erabat beharrezkoa» da: «Ez da kapritxoa, ezta burutazio bat ere». Gaur egun, Arrontegiko zubia da itsasadarraren bi aldeen arteko lotune bakarra 17 kilometroko tartean, eta hura «mugara» iristen ari da: 175.000 ibilgailuk erabiltzen dute egunero, eta han arazoren bat dagoen bakoitzean, ilara luzeak sortzen dira, zubian bertan ez ezik, Artatzako errepidean eta A-8 autobidean.

543 milioi euroren aurrekontua du egitasmoak. «Inbertsio handia da, baina erabat justifikatua», esan du Etxanobek. Alzagak, berriz, erantsi du azpiegiturak «ekarpen ekonomiko handia» eragingo duela: lanek iraun bitartean lanpostuak sortuko dira, eta, ostean, denbora eta erregaia aurreztuko da, auto istripu gutxiago egongo dira eta abar. Izan ere, gaur egun ordu laurden bat behar da Arrontegiko zubia erabilita Portugaletetik Leioara joateko; tunelaren bidez, berriz, lau minutukoa izango da ibilbide hori. Kalkulatu dute azpiegituraren ekarpen ekonomikoa 280 milioi eurokoa izango dela lanek iraun bitartean, eta tunela amaitu ostean 66 milioi itzuliko dizkiola Bizkaiari urtero.

«Itsasadar azpiko tunela egitasmo estrategikoa, asmo handikoa eta erabat beharrezkoa da»

ELIXABETE ETXANOBEBizkaiko ahaldun nagusia

Bidaiak laburragoak izanik, airera isurtzen diren berotegi efektuko gasak ere gutxiago izango direla uste dute Bizkaiko Aldundian. Talde ekologistak eta egitasmoaren kontrakoak ez dira uste horretakoak: beldur dira auto gidariei horrenbeste erraztasun emanda «dei efektua» izango ote duen horrek, eta herritarrak auto partikularra are gehiago erabiltzera bultzatuko ote dituen. Kontrakoa pentsatzen du Alzagak: esan duenez, ez da «dei efekturik» izango. Haren esanetan, ibilgailu partikularra erabiltzea sustatzen duten faktoreak beste batzuk dira; BPG barne produktu gordinak gora egitea edo jendeak bidaiatzeko aukera gehiago izatea. «Ibilgailu kopuru berdintsua egongo da, baina ibilbide laburragoak egingo dituzte», azaldu du.

Metroa, zalantzan

2020ko urtarrilean proiektua lehenengo aldiz aurkeztu zutenean, garai hartako ahaldun nagusi Unai Rementeriak ziurtatu zuen azpiegitura «multimodala» izango zela, hau da, ez zela izango soilik ibilgailuek erabiltzeko moduko errepidea, eta beste garraio mota jasangarriagoei irekirik egongo zela. Bi urte eta erdi geroago egindako Batzar Nagusietako bilkura batean, 2022ko irailean, zehatzago izan zen Rementeria: haren asmoa zen azpiegitura hori metroak ere erabiltzea. Baina denbora igaro ahala, zalantza handiak sortu dira metroaren aukeraren inguruan, eta aldundiak aurkeztutako egitasmoak ez ditu zalantza horiek argitu.

Aldundiaren arabera, itsasadar azpiko tunela metroak ere erabiltzea ez da hari dagokion erabakia, ETS Euskal Trenbide Sareari baizik. ETSk ez du oraindik ezer erabaki horren inguruan; beraz, orain aurkeztu duten egitasmoan, aldundiak egin duen bakarra zera izan da, neurri batzuk hartzea, azkenean metroa orain eraiki behar duten tunelaren azpitik joango balitz, proiektu biak «uztargarriak» izan daitezen: adibidez, errepideko zorua indartzea.

Bost milioi euroren aurrekontua dute neurri horiek. Baina horiei dagozkien lanak hiruzpalau urte barru egingo dituzte. Aldundiak espero du denbora tarte horretan ETSk erabaki bat hartuko duela metroaren aukeraren inguruan; azkenean aukera hori baztertuko balute, egokitzapen horiek ez lituzkete egingo eta bost milioiak aurreztuko lituzkete.

«IKUSPEGI Zaharkituaren adibide»

Subflubiala Ez plataformak agerraldia egin du Bizkaiko foru jauregiaren aurrean, itsasadar azpiko tunela aurkezten ari ziren bitartean. Kexu agertu dira; esan dutenez, prentsaren bidez izan dute behin betiko egitasmoa aurkezteko asmoaren berri, baina herritarrei oraindik ez diete horri buruzko informaziorik helarazi. «Mugikortasunaren ikuspegi zaharkituaren adibidetzat» jo dute egitasmoa: «Helburu bakarra ibilgailuak mugiaraztea da, ez pertsonak». Oinez, bizikletaz edo garraio publikoz egin daitezkeen ibilbideak identifikatu eta indartzea, eta ibilgailuak apurka-apurka baztertzea proposatu dute: «Trantsizio hori ez da aukera, agindua baizik; eredua aldatu behar dugu, edo hurrengo belaunaldiak lurralde kutsatu eta latzago batera kondenatuko ditugu». Klima larrialdiaren kontrako borrokan «atzerapausotzat» jo dute egitasmoa, eta, horregatik, mobilizazioak iragarri dituzte: astelehenean elkarretaratze zaratatsua egingo dute aldundiaren egoitzaren aurrean, eta urriaren 18an manifestazioa egingo dute Bilbon.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.