Politika

Prokuradoreak espetxe zigorrak eskatu ditu Etxebehere eta gainerako auzipetuentzako

Mateok eta Lekunberrik ez lukete zigorra bete beharko. 12 hilabeteko espetxe zigorra eskatu du prokuradoreak haientzako, zigor osoarentzako gibelaldiarekin. Etxebehererentzako, berriz, 18 hilabateko kartzelaldia galdedin du, 12 hilabeteko gibelaldiarekin. Retarentzako eta Goienetxearentzako zortzi eta bederatzi urteko espetxealdia eskatu du, hurrenez-hurren.

Graxi Etxebehere, Jeff Mateo eta Isabelle Lekunberri operazioaren ondoren aske utzi zituztenean egin zieten ongi etorria, 2015eko uztailaren 12an, Ortzaizen (Nafarroa Beherea). ISABELLE MIQUELESTORENA
2018ko abenduaren 18a
07:19
Entzun

Atzo hasi zen Xabier Goienetxea, Iñaki Reta, Terexa Lekunberri, Jeff Mateo eta Graxi Etxebehereren kontrako epaiketa, Parisen. Lehen biei ETAko kide ohiak izatea leporatzen diete eta haiei aterpe ematea gainerako hirurei.

Auzipetuen kontrako zigor eskariak aurkeztu ditu prokuradoreak, gaurko saioan. Goienetxearentzako eta Retarentzako zortzi eta bederatzi urteko espetxealdia eskatu du, hurrenez-hurren. Etxebehererentzako, berriz, 18 hilabeteko kartzela zigorra eskatu du, eta horietarik 12 hilabeteko espetxealdia bertan behera uztea. Mateo eta Lekunberriren kasuan, 12 hilabeteko kartzelaldia galdegin du, eta zigorra osorik indargabetzea.

Auzitegiak bihar emango du epaia. Ebazpenak fiskaltzaren eskariak aintzat hartu ala ez, auzipetuek zigorren bat jasotzen badute, zigorren betearazteko epaileari aurkeztuko ahalko dizkiote hura betetzeko baldintzei buruzko eskariak.

Maiatzaren 4an ETAk bere ibilbidea bukatutzat eman zuenetik lehen epaiketa handia da atzo Parisen hasi zutena. Frantziako Poliziak 2015eko uztailean atxilotu zituen bost auzipetuak, Ortzaizen (Nafarroa Beherea), ETAren "aparatu logistiko-militarraren" aurkako operazio batean.

Ez da ohiko epaiketa bat izaten ari: auzitegi korrekzionalean epaituak izaten ari baitira, eta, beraz, gehienez ere hamar urteko presondegi zigorren arriskua dute. Gaizkile taldeko kide izatea eta armak eta dokumentazio faltsua edukitzea leporatzen diete Retari eta Goienetxeari. ETAko kideak aterpetzea beste hirurei.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.