Prostituten bezeroei zigorra jartzea aztertzen ari da Frantziako Gobernua

Suediako ereduari jarraitu behar zaiola azaldu du Roselyne Bachelot Frantziako Osasun ministroak

Erredakzioa
2011ko martxoaren 31
00:00
Entzun
Frantziako Parlamentuak prostituzioari buruzko lege proposamen bat eztabaidatzea nahi du Frantziako Osasun ministro Roselyne Bachelotek. Lege proposamen horrek prostituzioaren bezeroak zigortzea jasoko luke. Asanbladako prostituzioari buruzko informazio batzordea lanean da jada, eta, luze gabe, komisioak lege proposamen bat prest izatea espero du Bachelotek. Adierazi duenez, «prostituziora jotzearekin bezeroek pertsonen salerosketa ahalbidetzen dutela ulertaraztea» da bezeroak zigortzearen helburua.

Le Parisien kazetak Bacheloti eginiko elkarrizketa bat argitaratu zuen atzo. Prostituzioaren gainean, Frantziako araudia «nabarmen abolizionista» dela nabarmendu du, han proxenetismoa debekatuta dagoela esanez. Haatik, bezeroak zigortzearen aldekoa dela ziurtatu du Bachelotek. Eredu horrek nola funtzionatzen duen jakiteko, badu nora begiratu: «Gaia aztertzen ari den batzorde parlamentarioa arreta handiz ari da ikertzen Suediako eredua». 1999. urteaz geroztik, prostituzioa debekatua dago Suedian, eta bezeroek sei hilabetera arteko espetxe zigorrak jaso ditzakete. «Diputatuen eginbeharra da lege hori Frantzian nola aplika daitekeen aztertzea», esan du Bachelotek.

Prostituzioan lan egitea ez dela «sekula» borondatezkoa irizi dio Bachelotek. «Langileen ia %85 nazioarteko proxenetismo sareen menpe daude», dio, eta sare horiek «Europa ekialdekoak edo Sahara hegoaldeko Afrikakoak» direla gaineratu du. Bachelotek ezin du sinetsi inguru horietako emakumeak prostituzioan aritzea gauza «ziurra» izatea. Horregatik uste du emakume horiek prostituzioan lanean ari badira «beste aukerarik» ez dutelako egiten dutela.

2012 baino lehenago, ez

Lege proposamena «lehenbailehen» idatzita egotea espero du Bachelotek. Dena den, egutegi parlamentarioa kontuan izanik, ezinezkotzat jo du 2012a baino lehenago lege proposamena bozkatzea eta, onartzen bada, legea indarrean egotea. Datorren urterako, prostituten bezeroentzako informazio eta sentsibilizazio kanpaina bat ere abiatzea proposatu du, baina ez du zehaztu hori nola egingo duten.

Frantzian prostituzio etxeak berriz baimentzeko proposamena egin du Frantziako Gobernuan dagoen UMP alderdiko Chantal Brunel parlamentariak. Ideia horren «erabat aurka» dagoela azaldu du Bachelotek. Herrialde Katalanetan, Frantziako mugatik gertu dauden prostituzio etxeen egoera jarri du argudio gisa. Han izan dira bisitan prostituzioaren auzia lantzen ari den batzordeko parlamentariak, eta ikusitakoarekin «izututa» geratu zirela nabarmendu du Bachelotek. «Han bizi diren emakumeak baldintza negargarrietan bizi dira. Prostitutak biktimak dira», iritzi dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.