Prostituzioan aritzera behartutako bederatzi emakume aske utzi ditu Guardia Zibilak, Barakaldon (Bizkaia) eta Castro Urdialesen (Espainia) egindako operazio batean. Guztira zazpi pertsona atxilotu dituzte, eta bertze hiru ikertzen ari dira, talde kriminal bateko kide izatea egozten diete, baita gizakien salerosketa delitua eta osasun publikoaren kontrako delitua egitea ere.
Guardia Zibilak jakinarazi duenez, emakume horiek zeuden etxebizitzetako baldintzak osasungaitzak ziren, kamerak zituzten geletan, eta horietan «pilatuta» bizi ziren. 24 orduz prostituzioan aritzera behartzen zituzten.
Ikerketa iaz abiatu zuten, gobernuz kanpoko erakunde batek ohartarazi zuelako Bizkaian gizakien salerosketaren biktimak egoten ahal zirela. Hala, Poliziak jakin zuen emakume bat Greziatik Espainiara eraman zutela eta Barakaldoko etxebizitza batean behartu zutela prostituzioan aritzera.