Protokoloak: paperetik komunitatera

‘Protokolo gorpuztuak: komunitatean, hezkuntzan eta kirolean’ saioa gidatu dute Uxue Reyk eta Ane Eslabak; 'Berria FM' podcastaren hirugarren denboraldiko azken saioa izan da. Hezkidetza eta Pedagogia Feministen III. Kongresuan egin dute solasaldia.

BerriaFMren zuzeneko saioa Donostian, asteazkenean. IÑIGO URIZ / FOKU
'Berria FM'-ren zuzeneko saioa, Donostian, asteazkenean. IÑIGO URIZ / FOKU
Isabel Jaurena.
Donostia
2025eko ekainaren 27a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Zergatik dira beharrezkoak indarkeria matxistaren kontrako protokoloak? Eraso bat izanez gero zer pauso eman behar diren jakiteko? Horrelakoak gertatzen direnean eraginkortasunez jarduteko, akaso? Hutsuneak betetzeko edo betetzen saiatzeko? Protokoloak bai, baina akaso komunitatean, gaiaren lanketan eta parte hartzean ere arreta jarri behar da? Hausnarketa horiek izan zituzten abiapuntu joan den asteazkenean Donostian egin zuten mahai inguruan: Protokolo gorpuztuak: komunitatean, hezkuntzan eta kirolean. 

Hezkidetza eta Pedagogia Feministen III. Kongresuan egin zuten solasaldia, Uxue Reyk eta Ane Eslabak gidatuta. Hain zuzen, BERRIA kongresuaren hedabide kolaboratzailea izan da, Berria FM-k gidatutako saioa gero podcastean emango baita; hirugarren denboraldiko azken saioa izanen da. Lau gonbidatu izan zituzten: Marivi Fernandez Donostiako Berritzeguneko kidea, Lidia Latorre eta Laura Garcia Amarauna Basket Fem taldekoak, eta Idoia Arraiza Emaginekoa. 

Fernandezi eman zioten hitza lehenbiziko, eta esplikatu zuen hezkuntzan egiten duela lan berak, adin txikikoekin. Bada, haren iduriko, protokoloak «oso garrantzitsuak» dira erasoak gertatzen direnean zer eta nola egin behar den jakiteko. Urteotan egoerak hobera egin duela uste du: «Asko irabazi dugu irakasleen sentsibilizazioan; ikasleei entzuten zaie». Are, esperientziak erakutsi dio zenbaitetan ikasleek etxean baino lehenago eskolan kontatzen dutela jasandako erasoa, eta, haren iduriko, hori bada zerbait ongi egiten ari diren seinale. 

«Asko irabazi dugu irakasleen sentsibilizazioan; ikasleei entzuten zaie» 

MARIVI FERNANDEZ Donostiako Berritzegunea

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren Hezkidetza Planak jasotzen ditu halakoak —III. Plana datorren ikasturte hasmentan aurkezteko asmoa dutela adierazi zuen Fernandezek—. Arlo digitalean gertatzen diren indarkeria berriei erantzuteko «ziber-hezkidetza» plan berrian kabiarazi beharko dela erran zuen Reyk, eta Fernandezi galdetu nola diseinatu daitekeen hori. «Erronka inportantea da, eta horri heldu nahi zaio hirugarren planean; baita maskulinitatearen gaiari ere», erantzun zion. Fernandezek erran zuenez, ikasgeletan indarkeria matxistaren kontrako lanketa anitz «boikotatu» egiten dituzte mutil gazte anitzek, eta horri buelta eman nahi diote.

Amarauna

Hezkuntza arloan ez ezik, kirolean ere eraso andana jasaten dituzte adingabeek; horren erakusle dira azkenaldian han-hemenka astero-astero agertu diren kasuak. Hain justu, joan den abuztutik gaurdaino azaleratu diren kasu horietako batzuen titularrak ekarri zituzten gogora Reyk eta Eslabak: lehenbiziko esaldia entzun orduko, aretoko giroa hoztu egin zen, eta isil-isilik gelditu zen publiko osoa. Isiltasun hori apurtu zuten Amaraunako bi kideek: saskibaloiaren esparruan egoten diren sexu abusuez nekaturik ahotsa goratzeko sortu zuten taldea, orain lau urte. Xeheago mintzatu zen Latorre: «Konturatu ginen egoera berdintsuak pasatu genituela, izen berak errepikatzen zirela. Baina gu nerabe ginenean ez genuen erreferentziarik: babesik gabe geunden». 

(ID_15089807) (Iñigo Uriz/@FOKU) 2025-06-25, Donostia.Hezkidetza eta Pedagogia Feministan III
Lidia Latorre eta Laura Garcia mahai inguruan, Donostian, asteazkenean. IÑIGO URIZ / FOKU

Bada, lau urteotan erreferente rol hori hartu du taldeak, eta jokalarien artean sare bat sortzen ahalegindu direla esplikatu zuen Garciak. «Gaiaz gero eta gehiago hitz egiten da, isilik egotea ere konplize izatea baita», gehitu zuen.

Haur eta Nerabeak Babesteko Lege Organikoak jasotzen du kirol entitateek zenbait betebehar dituztela arlo horretan. Arauak betetzen direla ziurtatzeko orduan, baina, «hutsuneak» daudela erran zuen Garciak, eta erasoa jasan duen horrek ez dakiela norat jo. Izan ere, berez, kirol entitateek jokalariei edo taldekideei babesa emateko ardura izanen duen pertsona bat izendatu behar dute, baina, gehienetan, taldeak berak edo familiek hautatzen dute. Zein da arazoa? Anitzetan entrenatzaileak edo taldeko koordinatzaileak hartzen duela kargu hori, baina baita erasoa egiten duenak ere; eta, hortaz, erasorik badago taldekideek ez dute norat jo. Garciak adierazi zuen bertze herrialde batzuetan kanpoko norbait jartzen dutela babes figura horretan, indarkeria matxistan aditua dena. Bada, adierazi zuen agian hori dela Euskal Herrian hartu beharreko bidea. 

«Gizarte gisa mugak jartzen baditugu, ondorioak argiagoak izango dira [erasotzaileentzat]. Babesten gaituen sistema bat behar dugu»

LAURA GARCIA Amarauna basket fem

Latorrek adierazi zuen figura hori lagungarria litzatekeela mugak non dauden zehazteko, kirola eremu informala da eta. Adibide bat jarri zuen, erranez ikasleendako ez dela ohikoa matematikako irakaslearekin afariak egitea, bestara joatea edo sare sozialen bidez mezuak igortzea, baina entrenatzaileekin horrelakoak egitea normaltzat jotzen dela. Bada, testuinguru horretan adingabeek mugak jartzen jakitea ezinbertzekotzat jo zuten biek ala biek. «Gizarte gisa mugak jartzen baditugu, ondorioak argiagoak izango dira [erasotzaileentzat]. Babesten gaituen sistema bat behar dugu».

Komunitatea

Hezkuntzan edo kirolean, kirolean edo hezkuntzan. Edozein dela arloa, erasoei komunitate gisa erantzutea ezinbertzekoa dela argi utzi zuten lehenbiziko hiru solaskideek, eta ideia hori bera berretsi zuen Arraizak: «Erasoen kudeaketan, guztiok inplikatu behar dugu: erasoak ez baitio soilik erasoa jasan duenari eragiten, baizik baita komunitateari ere».

«Erasoen kudeaketan guztiok inplikatu behar dugu: erasoak ez baitio soilik erasoa jasan duenari eragiten, baizik baita komunitateari ere»

IDOIA ARRAIZAEmagin

Hain zuzen, Emaginekoek gida bat osatu dute elkarte eta kolektiboetan gertatzen diren eraso matxistak kudeatzeko protokoloak sortzeko. Halakoetan, harreman pertsonalak egoten dira tartean, aurreikusi ezin diren elementuak gurutzatzen dira, eta kudeatu beharreko emozio eta behar bereziak loratzen dira. Hortaz, prozesua aitzinera eramateko hiru baldintza bete behar direla azaldu zuen Arraizak: prozesuaz arduratuko den lantalde bat egotea, eta komunitateak aitortza eman diezaiola talde horri; erasoa jasan duenak prozesu hori abiatu nahi izatea; eta erasoa egin duenak onartzea, behintzat, mina egin duela, eta erreparaziorako prest agertzea, kontuan izanda lanketa bat egin beharko duela jarrera eta ekintzen kontzientzia hartzeko, eta prozesuak iraun bitartean agian ezinen dela esparru batzuetan egon. 

Gogoratu zuen, halaber, prozesu ororen erdian egon behar duela erasoa jasan duenaren ongizateak, eta mekanismoak horretarako aktibatuko direla. «Ulertu behar da zertan oinarritzen den hau guztia: kontua ez da erasotzailea zigortzea, erasoa jasan duena babestea baizik», borobildu zuen. Are, erran zuen eztabaida handia dagoela justizia punitibistaren bueltan, eta aldiro galdera iguala egiten dela: eta erasotzaileekin zer? Bada, erantzun argirik ez zuela onartu bazuen ere, prozesu eraldatzaileen beharra nabarmendu zuen: «Justizia feminista herritik eraikitzea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.