Lehengo egoera politikoan «eroso» zeudenek «beldurra» diote Euskal Herrian ireki den aldaketa politikoari,ezker abertzalearen ustez. Ezker abertzaleak prozesu demokratikoaren alde egindako apustuaren inguruan, Nafarroako eskuineko indarrak «izututa» daudela adierazi zuen atzo Txelui Moreno ezker abertzaleko bozeramaileak.
Ezker abertzaleak prozesu demokratikoaren alde egindako apustua berretsi zuen Morenok, Iruñean. Azken hilabeteotan ezker abertzaleak Nafarroan egindako urratsen inguruko hitzaldia eskaini aurretik hitz egin zuen komunikabideen aurrean.
Abertzaleen eta ezkerreko indarrak batu ditzagun. Aldaketa gure esku izenburupean egin zuen hitzaldia Txelui Morenok, eta Nafarroan aldaketa politiko eta sozialerako «benetako aukerak» daudela azaldu zuen. Eskuineko indarrak, ordea, «begiak ixten» ari zaizkio aldaketa politiko horiei, haren ustetan. «Alderdien Legearen eta eskubide eta askatasunen murrizketari esker lortutako boterea galtzeko izua» dute eskuineko indarrek; hala ohartarazi zuen.
Euskal Herrian oro har eta bereziki Nafarroan ireki den agertoki politiko berriaren inguruan «berrantolatu» beste biderik ez zaio geratzen eskuinari, Morenoren esanetan. Ezker abertzaleko kideak argi dauka azken egunotan PSOE, PP eta UPNko hainbat buruzagik egindako «hotsandiko adierazpenek» erakusten dutela Nafarroako eskuineko alderdiak aldaketa politikoaren inguruan jarrera bat hartu nahian dabiltzala.
«Konfrontazioa»
Nolanahi ere, Morenok nabarmendu zuen ezker abertzaleak eutsi egingo diola hartutako bideari eta indar metaketaren alde egingo duela, Estatuarekin etaNafarroako eskuinarekin «konfrontazioa» lortzeko. Konfrontazio horren bidez Nafarroako Gobernua eta udaletxeak aldaketa politikoaren eta sozialaren mesedetan jartzen saiatuko direla azaldu zuen. Ezker abertzaleak, Eusko Alkartasunak, Aralarrek, Alternatibak, ABk eta beste hainbat eragilek atzo Gernikan aurkeztu dokumentua «oso indartsua» dela eta aurrera begira ondorioak izango dituela ziurtatu zuen.
Prozesu demokratikoaren «beldur» da eskuina, ezker abertzalearen ustez
Nafarroako erakundeetan aldaketa politikoa eragiteko, indar metaketa eskatu du Txelui Morenok
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu