ETAk su-etena iragarri zuenetik bost hilabete bete diren egunean balantze ezkorra egin dute Joseba Permach eta Joseba Alvarez Batasuneko mahaikideek Donostian egin duten prentsaurrekoan. Alderdien mahaia osatzeko borondatea eta herritarren hitza errespetatzeko prest dagoela erakusteko exijitu diote PSOEri.
“Krisian” dagoen bake prozesuari aurre egiteko, “behingoz” konponbide prozesuaren alde egiteko eskatu diete Espainiako eta Frantziako estatuei, eta utz dezatela beren erako prozesua inposatzeko saioa. Permachek eta Alvarezek, baina batez ere Espainiakoari. Batasunaren aurkako erasoekin amaitzeko eta Batasunari bere jarduera politikoa egiten uzteko ere exijitu diete Espainiako Gobernuari. Talde politikoei eta beste eragileei ere mintzatu zaie Batasuna eta negoziaketa bultzatzeko eta alderdien mahaia osatzeko deia egin die. Jendarteari, berriz, autodeterminazioaren eta herritarren eskubideen alde mobilizazioetan parte hartzeko esan diote.
Euskal presoen inguruan, PSOEk erabili egiten dituela salatu du Batasunak. Izan ere, Batasunaren ustetan, PSOEk interesen arabera jokatzen du eta presoen eskubideek ez lukete konponbide prozesuarekin lotuta egon beharko.
Biharko herritar talde batek Bilbon deitutako manifestazioaren harira, ekitaldian parte hartuko dutela esan dute Permachek eta Alvarezek, “autodeterminazioaren eta prozesu demokratiko baten alde dauden beste milaka herritarrek bezala”.
politika
Prozesuan bere baldintzak inposatu nahi izatea leporatu dio Batasunak PSOEri
Arduragabekeria egotzi dio Batasunak PSOEri. Konponbide prozesua krisi egoeran dagoela esan du Batasunak eta horri aurre egiteko negoziaketa bultzatu eta alderdien mahaia osatu behar dela. PSOE eta Espainiako Gobernuko presidente Jose Luis Rodriguez Zapatero herriari hitza emango dion prozesua abiatzearen beldur direla gaineratu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu