PSC, CiU, ERC eta ICV-EUiA Kataluniako Parlamentuko taldeetako ordezkariek Martxelo Otamendi Egunkaria-ko auzipetuari gaur berretsi diote auziak ez daukala zentzurik, eta euren babesa adierazi diote. 2003an ere, Guardia Zibilak Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduz euskarazko kazeta itxi zuenean, Kataluniako Legebiltzarrak babesa agertu zion Egunkaria-ri.
Ordubeteko bilera egin du Otamendik gaur Bartzelonan, Parlamentuan bertan, PSC, CiU, ERC eta ICVko bina ordezkarirekin. "Oso ondo" hartu dutela azaldu dio auzipetuak BERRIA.INFOri. PP eta Ciutatans-eko ordezkariak ez dira bilerara agertu -Kataluniako Legebiltzarreko %10 pasatxo baino ez dute ordezkatzen bi taldeek-.
Otamendi Herrialde Katalanetan da egunotan, Egunkaria auzia-ren berri han eta hemen ematen. Atzo iluntzean Reusen (Tarragona) hitzaldia eman zuen; 60 bat lagun batu ziren ekitaldian, eta galdera asko egin zituzten auziaren nondik norakoei buruz. Gaur iluntzean, berriz, Valentzian emango du hitzaldia, Accio Cultural de Pais Valencia erakundeak gonbidatuta.
Bihar Bartzelonan ariko da, Vicent Partal, Antonio Franco, Rita Marzoa, Ignasi Riera, Albert Martinez, Eva Fernandez eta Feliu Venturarekin mahainguruan, CCCB kultur gunean, 19:00etan.
Etzi Palman (Herrialde Katalanak) hitzaldia emango du, Can Alcover kultur etxean, 19:30ean. Ostiralean Girona (Herrialde Katalanak) mahainguruan izango da Otamendi, August Gil Matamala, Gemma Calvet eta David Fernandezekin, kultur etxean, 20:00etan.
Larunbatean, berriz, Madrilen izango da. Mariano Ferrer, Carmen Lamarca eta Isaac Rosarekin mahaingurua edukiko du, Lope de Vega bigarren hezkuntzako ikastegian, 12:00etan. Egunkaria-ren aldeko jaia egingo dute orduan: bazkaria 14:30ean, eta kontzertuak eta antzerkiak 17:00etan, Meson del Patio Maravillasen.
egunkaria auzia
PSC, CiU, ERC eta ICVk berretsi dute 'Egunkaria auzia'-k zentzurik ez daukala
Kataluniako Parlamentuko talde haietako ordezkariekin bildu da gaur Martxelo Otamendi auzipetua, Bartzelonan. Euren babesa agertu dute berriro. 'Egunkaria'-ko auzipetua datozen egunetan ere Herrialde Katalanetan izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu