Jaurlaritzarekin lortutako ituna "aurrekontuen gaira soilik" mugatzen dela zehaztu du Lopezek, eta ez dagoela legealdi zein gobernu hitzarmenik. EAJk Espainiako Kongresuan duen ordezkari Jose Erkorekak esan duenez, berriz,Eusko Legebiltzarreko aurre akordioak ez du inolako zerikusirik Madrilgo Kongresuan gertatzen denarekin.
Jaurlaritzako hirukoak (EAJ, EA, EB) beren zuzenketa esanguratsuenak aurrekontu egitasmoan sartzea onartu duela, eta horregatik erabaki dutela osoko zuzenketa kentzea eta aurre akordioa lotzea argudiatu du Lopezek Eusko Legebiltzarreko osoko bilkuran egin duen hitzaldian. Gaineratu duenez, honek ez du esan nahi Jaurlaritzaren Gobernurako akordiorik lortu dutenik, akordioa bakar-bakarrik aurrekontuei dagokiela azpimarratu du. Negoziaketa gogorrak egin dituztela, eta lortutakoak "PSE-EEren aurrekontuak" ez direla uste duen arren, Eusko Jaurlaritzarena baino hobea dela iritzi dio.
Beraz, bi osoko zuzenketa aurkeztu zaizkie, azkenean, aurrekontuei: PPrena bat, eta EAB Ezker Abertzalearena bestea. Biak baztertu egin dituzte bozketan. Aralarrek, berriz, 313 zuzenketa partzial aurkeztu ditu osoko zuzenketa barik, "asmoa ez delako aurrekontuak itzularaztea edo luzapen bat probokatzea".
Goizean goiz Euskadi Irratiko politikarien solasaldian akordioa badagoela iradoki du Ramon Etxezarreta PSEko Donostiako zinegotziak. Saio berean, osoko bilkurara inorekin akordiorik lotu gabe doazela esan dute EAJko EBB Euzkadi Buru Batzarreko Markel Olanok eta Onintza Lasa EAko komunikazio idazkariak; eurek behintzat ez dutela inolako itunen berririk azpimarratu dute. Eusko Legebiltzarrean, berriz, goiz-goizetik zabaldu da sozialistek osoko zuzenketa erretiratuko duten zurrumurrua.
EAB Ezker Abertzalea taldeak, berriz, atzo agertu zuen EAJk eta PSEk dagoeneko ituna lotu zutenaren susmoa, eta, era berean, osoko zuzenketari eutsiko ziotela iragarri zuen.
eae-ko aurrekontuak