Estatuko polizia indarrak Euskal Herrian

PSE-EEk eta PPk atzera bota dute polizia kopurua murrizteko eskaera

Guardia Zibilak eta Espainiako Poliziak EAEn egindako «lan handia» goraipatu dute sozialistek eta popularrek LegebiltzarreanAro berrian Poliziaren egitekoa zalantzan jarri dute Aralar, EAJ, EA eta Ezker Anitzak

Aintzane Ezenarro, Joseba Egibar eta Antonio Basagoiti, atzo, Eusko Legebiltzarreko korridoreetan. RAUL  BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
edurne begiristain
Gasteiz
2012ko martxoaren 23a
00:00
Entzun
ETAk jardun armatuaren amaiera iragarri duen arren, PSE-EEk, PPk eta UPDk ez dute beharrezkotzat jotzen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan Guardia Zibileko eta Espainiako Poliziako agenteen kopurua murriztea. Ez duteegoki ikusten Eusko Legebiltzarrak Espainiako Gobernuari eskari hori egitea, eta aproposagoa deritzote Espainiako Estatuko segurtasun indarren lana eskertzeari eta goraipatzeari. Horrela egin dute Legebiltzarreko saioan: PSE-EE, PP eta UPDren 38 botoei esker, Eusko Legebiltzarrak atzera bota du EAEn Guardia Zibileko eta Espainiako Poliziako agenteen kopurua murrizteko Aralarrek eta EAJk adostutako proposamena, eta, haren ordez, aurrera atera du Poliziari elkartasuna adierazteko zuzenketa.

Hala, hiru talde horien babesarekin, PSEk aurkeztutako zuzenketa onartu du Legebiltzarrak. Haren bitartez, Legebiltzarrak aitortu eta eskertu egin dio Guardia Zibilari ETAren indarkeriaren aurka egindako «lan handia» eta «elkartasuna, hurbiltasuna eta maitasuna» agertu die erakunde armatuak hildako guardia zibilen senideei eta oro har «terrorismoaren biktima» guztiei.

Espainiako indar armatuek Euskal Herrian duten presentziari buruzko eztabaida Aralarren eskutik etorri zen atzo. ETAk indarkeria utzi ondoren hasitako aro berriaren «logikari» jarraituta aurkeztu zuen Dani Maeztu legebiltzarkideak proposamena, eta EAJrekin adostu zuen, ondoren, erdibideko zuzenketa bat. Bi taldeek hitzartutako proposamenak Eusko Jaurlaritzari eta Espainiako Gobernuari elkarrizketak abiarazteko eskatzen zien,Guardia Zibilak eta Espainiako Poliziak duten agente kopurua murrizteko helburuarekin.Proposamen horribabesa agertu zioten EAk eta Ezker Anitzak ere.

Euskal Herrian dagoen polizia dentsitateari buruzko datuak mahai gainean jarri zituen Maeztuk osoko bilkuran: jakinarazi zuenez, EAEn zazpi polizia daudemila biztanleko, eta zifra horrek txiki uzten du Europako Batasunak gomendatutako ratio a. Horietatik 8.000 ertzainak dira, 1.300 Espainiako Polizia indarretakoak, 2.600 guardia zibilak eta 3.000 baino gehiago udaltzainak, haren esanetan. Orain arte ETAren indarkeria erabiltzen zen segurtasun indarren presentzia zabala justifikatzeko EAEn, baina «garai berrian» egonda horiek murriztekoaitzakiarik ez dagoela azpimarratu zuen Maeztuk. «Garai berri batean baldin bagaude, errezeta polizial zaharrek ez dute balio».

Aralarrekoaren ustez, gainera,kolore guztietako poliziak egoteak «bikoiztasunak» ere eragiten ditu, baita «gainkostua» ere. Hala, «ulertezin» iritzi zion PP, PSE eta UPDk murrizketaren aurka agertu izanari: «Erakundeen artean dauden bikoiztasunen inguruan eztabaidatzeko prest zaudete, baina uko egiten diozue trikornioaeta gorri-horia ukitzen dituzten gaiak mahai gainean jartzeari».

'Alde hemendik'

Mikel Martinez jeltzaleak argi utzi zuen euren proposamenaren helburua ez zela GuardiaZibilari «alde egitea»galdegitea, «legediak ematen dituen eskumenen arabera gera daitezela» esatea baizik. EAJkoaren ustez, Espainiako Gobernuak ezin izango dio luzaroan eutsi Poliziaren «neurrigabeko» presentziari: «PPk ezin izango du justifikatu Euskadin 4.000 guardia zibil eta polizia ezer egin gabe egotea».

Mikel Arana Ezker Anitzeko legebiltzarkidearen aburuz, berriz, garai berrietan «Estatutuak zehazten dituen eginkizunetara» moldatu beharko litzateke segurtasun indarren presentzia.

Harago jo zuen EAko Juanjo Agirrezabalak: «Gure xedea segurtasun indarrak ordezkatzea eta desmilitarizazioa lortzea da». Haren esanetan, gizartean gehienek Guardia Zibilak eta Espainiako Poliziak alde egitea nahi dute, eta kuartelak eta komandantziak ixtea. PPren jarreraren atzean «espainolitatearen sinboloei» eusteko nahia dagoela salatu zuen.

Izan ere, gogor jo zuen PPko Nerea Llanosek alderdi abertzaleen eskaeraren aurka. ETA oraindik ez dela desagertu eta, beraz, egoera ez dela «hainbeste aldatu» ohartarazi zuen PPkoak. Proposamenaren atzean Espainiako Estatuko segurtasun indarren «desegitea» dagoela salatu zuen, eta historikoki erabilitako Alde hemendik eskaera «mozorrotzea» leporatu zien talde abertzaleei. Goiburu horren ordez PPk gera daitezela aldarrikatzen duela argitu zuen: «Alde hemendik esatea abertzaleen aldarria da. Hemen Guardia Zibila ez dago sobran. Sobran dagoen bakarra ETA da. Joan daitezela eskatu beharrean, eskerrak eman nahi dizkiogu herri honetan egindako lan guztiagatik».

Ideia berari heldu zion Gorka Maneiro UPDkoaksegurtasun indarren murrizketaren aurka egiteko: «Ez daitezela joan, gera daitezela. Hau dahaien etxea, eta behar ditugu».

Espainiako Estatuko segurtasun indarren presentziaren inguruko eztabaida «arinkeriaz» ez egiteko eskatu zuen, berriz,Jose Mari Pastor sozialistak. PSEkoak aitortu egin zuen ETAren jardun armatuaren amaierak ezinbestean ekarriko duela polizia agenteen murrizketa, «bizkartzainekin gertatu den moduan». Ordea, ez zuen beharrezkotzat jo Legebiltzarrakeskaera hori egitea, «Eusko Jaurlaritzari eta Espainiako Gobernuari dagokielako erabaki hori hartzea». Kontua ez da, haren iritziz, Guardia Zibilaren kuartelak ixtea, aro berrian Espainiako Estatuko segurtasun indarrek izan ditzaketen egiteko berriak aztertzea baizik: «Egungo egoeran dauden beharren inguruko azterketa lasaia eta zorrotza egin beharko da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.