PSE-EEk hasi du prozesua lehendakarigaia hautatzeko

Anduezak esan du lehendakari izatea duela «anbizioa». EAJk eta EH Bilduk Espainiako gobernuburuaren inbestidura daukate lehentasuntzat

Eneko Andueza Bilboko Nueva Economia foroan, atzo. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Olatz Silva Rodrigo.
Bilbo
2023ko urriaren 10a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Datorren urterako daude aurreikusita Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak, eta PSE-EEk martxan jarri du jada lehendakarigaia hautatzeko prozesua. Bihartik urriaren 18ra bitartean, bermeak jasoko dituzte. Hautagai bat baino gehiago aurkeztuz gero, hauteskunde primarioak urriaren 29an egingo dituzte, eta, bigarren itzulia behar izanez gero, azaroaren 5ean egingo dute.PSE-EEren arabera, hauteskundeak «oso garrantzitsuak»izango dira, maiatzeko udal eta foru bozetan eta uztaileko Espainiako Gorteetarako bozetan emaitza «oso onak» lortu ondoren.

Atzo, Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiak Bilboko Nueva Economia foroan berretsi zuen prest dagoela lehendakarigai izateko. Haren ustez, sozialisten ereduak erantzungo die ondoena gizartearen beharrei: «Askok EAJren eta EH Bilduren arteko lehia gisa irudikatu nahi dituzte hauteskundeak, baina hori erredukzionismo ariketa bat da, eta ez du aintzat hartzen errealitate politikoa, ezta soziala ere». Argi utzi zuen bere asmoa: «PSE-EEk ez du [EAJren eta EH Bilduren arteko] balantza makurtuko: uste dut PSE-EEk gidatu egingo duela herri hau; nire anbizioa Euskadiko lehendakaria izatea da».

Argitzeko dago nortzuk izango diren EAJren eta EH Bilduren hautagaiak. Hainbatetan adierazi dutenez, Espainiako gobernuburuaren inbestidurarako negoziazioak dira orain lehentasuna, eta horren ostean abiatuko dituzte barne prozesuak lehendakarigaiak zehazteko. PPk, berriz, joan den astean iragarri zuen Javier de Andres izango dela Alderdi Popularraren hautagaia.

«Euskara ez da katalana»

Hezkuntza Legea ere izan zuen hizpide Anduezak. Hizkuntzenereduei erreferentzia eginez, Kataluniako murgiltze eredua baztertu zuen: «Euskadi ez da Katalunia, PSE-EE ez da PSC, eta euskara ez da katalana». Eredu «elebakarra» baztertu zuen, arrazoituz gurasoek aukera izan behar dutela euren seme-alaben hezkuntzan egokiena izango den eredua aukeratzeko. Adierazi zuen «okerra» dela hizkuntzen auzian jartzea arreta: « Euskal abertzaletasunari eta independentismoari bakarrik interesatzen zaizkien identitate gaiei buruz eztabaidatzera garamatza horrek».

Hezkuntza Legearen harira, Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak PSE-EEren jarrera kritikatu zuen atzo, Radio Euskadin. Sozialistei egotzi zien PPk eta Voxek Balear Uharteetan duten posizio bera edukitzea, eta ez izatea gai PSCk Katalunian duen posizioari eusteko. «Zeinek nahi du Euskal Herri elebakarra izatea? Izan ere, euskaraz hitz egiten dugun guztiok elebidunak gara».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.