PSE-EEk ohartarazi du 2014ko kontuak 2012ko datuekin negoziatuko dituela

Aurrekontuen alderaketa 2013an onartu ez ziren diru sailekin egin izana kritikatu du oposizioak

Ricardo Gatzagaetxebarria sailburua, atzo, aurrekontuak azaltzeko egindako agerraldian. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
2013ko azaroaren 6a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Eusko Jaurlaritzak 2014rako proposatu dituen aurrekontuak sailka aurkeztu zituen atzo, sailburu bakoitzak bere batzordean. Proposamenaren ildo nagusien berri eman ondoren, legebiltzarreko taldeek zalantzak plazaratzeko aukera izan zuten. EAJ ez da nahikoa kontuak aurrera ateratzeko, baina iaz ez zuen konfiantzarekin heldu dio tramiteari. PSErekin eta PPrekin hitzartutako akordio zabalaren ondotik, aurrekontuak onartuko diren esperantza du. Itun horietan, gobernuaren diru sarrerekin ez ezik, gastuekin lotutako alorrak ere hitzartu direla gogoratu zuen atzo Ricardo Gatzagaetxebarria Ogasun eta Finantza sailburuak; horiek bete ahal izateko aurrekontuak onartu behar direla. Hala izango den konfiantza du, beraz.

Horretan laguntzeko prest dagoela azaldu zuen PSEk, EAJk hori errazteko «zuzenketa argia» egina duela, baina sozialistek ez dutela edozein gauza onartuko. Aurrekontu osoari buruzko negoziazioa egin gabe dagoela esan, eta atalez atal hitzartzeko marra non dagoen finkatu zuen Txarli Prietok: «Erreferentzia 2012. urtean indarrean zeuden aurrekontuak dira, ez 2013. urteko proiektua. Ez zen onartu, ez da ezer».

Gainerako sailek egindako aurkezpenetan ere, Jaurlaritzaren proposamena onartu gabeko kontuekin egin izana leporatu zieten PSEren ordezkariek sailburuei. Baita oposizioko gainerako taldeek ere. Jesus Peña Lehendakaritzako idazkari nagusia alderaketa 2012ko aurrekontuekin egiteko prest agertu zen; ez, ordea, Gatzagaetxebarria. 2012an gobernuak aparteko diru sarrerak izan zituela argudiatu zuen.

Edukiei dagokienez, EAJk, PSEk eta Jaurlaritzak izenpetu zuten akordioan muga orokor bat zehaztu zuten: «Hezkuntza, osasuna eta gizarte politiken sostengu eta funtzionamenduari aurrekontu luzatuan adina finantzaketa bermatuko zaie 2014. urterako». Jaurlaritzak aurkeztu duen proiektuan, ordea, funtzio horien gastua 2012koaren azpitik dago: 53,8 milioi gutxiago osasunean, 109,7 milioi gutxiago hezkuntzan eta 80 milioi gutxiago gizarte babes zein sustapen esparruan. Prietok ohartarazi du PSEk atal horiei erreparatuko diela aurrekontuak babesteko.

Lehendakaritzari dagokionez, egitura murrizten jarraituko duela azaldu du Peñak, eta berrikuntzara zein kooperaziorako emandako kopuruari eusten saiatuko dela. Datuen arabera, diru sailek jaitsiera aurreikusten dutela kritikatu du, berriz, oposizioak.

Bakegintza eta Bizikidetza Idazkaritzari buruzko galderei Jonan Fernandez zuzendariak erantzun die. Elkarbizitzarako Planeko ikerketa eta kudeaketa argitu gabeko atentatu zein eskubide urraketak argitzeko izango dela jakinarazi du, eta polizien gehiegikerien biktimei kalte-ordainak emateko 1,8 milioi jarriko direla. Gainera, datozen hamar bat urtetan «bake kulturan eta memoria historikoan inbertitu» beharko dela ohartarazi du, eta hori aldundiekin partekatzen saiatuko dela.

Josu Erkoreka Herri Administrazio eta Justizia sailburuaren arabera, saileko kontuen hiru laurden oinarrizko gizarte zerbitzuak sendotzeko izango dira: bitartekorik ez dutenei laguntza juridikoa emateko. 13,2 milioi euro Herri Administrazioaren hizkuntza normalizaziorako emango da.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren aurrekontua 415 milioi eurokoa da. Arantza Tapiak azaldu du teknologiari buruzko programentzat izango dela zatirik handiena eta iazko datuekin alderatuta gora egingo dutela atal guztietako diru sailek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.