Amaitu zen PSOEren hauteskunde primarioen prozesua, Pedro Sanchez izendatu idazkari nagusi, eta bazirudien horrek Espainiako sozialismoaren egoera argitzen eta baretzen lagunduko zuela. Baina Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan kontrakoa gertatu da, eta prozesuak oraingo zuzendaritzari aurre egiteko prest dagoen ildo kritiko bat hauspotu duela ematen du. Berritu du izena, Unai Ortuzar dute buru, etaprest daude PSE-EEko Idazkaritza Nagusirako hautagaitza aurkeztu eta Idoia Mendia oraingo idazkari nagusiarekin lehiatzeko.
Lemoakoa (Bizkaia) da Ortuzar, eta herri horretako zinegotzi izan zen 2007tik 2015era. PSOEren hauteskunde primarioetan, Pedro Sanchezen aldeko kanpaina egin zuten Ortuzarrek eta haren ildokoek; hautagaitza aurkezteko egin duten agerraldian azaldu dute «erabaki zaila» izan zela hura, Patxi Lopezekin ere harreman ona dutelako. Baina oso pozik daude Sanchezen garaipenarekin, eta uste dute orain «Alderdi Sozialista berria» dagoela; «orain PSOE militanteen eta aldaketaren alderdia da», esan dute.
Eta aldaketa hori Arabara, Bizkaira eta Gipuzkoara ekarri nahi dute. Horregatik, PSE-EEko idazkaritza nagusirako bere burua aurkezteko asmoa agertu du Ortuzarrek. Argi utzi nahi izan du ez dela beste hautagaiekin «konpontxo egiten» saiatuko zerrenda bakarra osatze aldera: «Gardentasuna eta koherentzia behar dira», esan du. «Hiru hilabete eman dugu elkarren arteko liskarrean, eta orain gizarteak ez luke ulertuko denak zerrenda bakarrean joatea».
Adibidez, orain batzarrak egin behar dituzte herrialdeetan, PSOEren Batzar Federalera joango diren ordezkariak aukeratzeko. PSE-EEren zuzendaritzak eta Pedro Sanchezen taldekoek akordioa erdietsi badute ere Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan zerrenda bateratuak aurkezteko, Ortuzarrek iragarri du eurek ere aurkeztuko dituztela hautagaiak, zerrenda bateratuan parte hartzeari muzin eginda.
Berritu ildokoek argitu dute Pedro Sanchezek ez diela beren-beregi babesik adierazi —«nahi izanda ere ezingo luke, estatutuek galarazten diotelako idazkari nagusiari federazioetako gatazketan parte hartzea», azaldu dute—, eta Sanchezen alde agertu diren zenbait euskal sozialista ezagunek ere, Odon Elorza Donostiako alkate ohiak esaterako, ez dietela sostengurik agertu, baina ez diote horri aparteko garrantzirik eman.
Beste aldetik, nabarmendu dute hurrengo idazkari nagusiak «nahi eta nahi ez» Pedro Sanchezek sustatutako txostenaren arabera jokatu beharko duela, PSE-EEren hauteskunde primarioetako emaitza edozein delarik ere,«horixe gailendu delako».
Kritikak Mendiari
Unai Ortuzarrek esan du «arazo pertsonalik» ez duela PSE-EEko oraingo idazkari nagusi Idoia Mendiarekin, eta aferaren muina, pertsonak baino gehiago, «alderdi eredua» dela, baina ez du aukera galdu Mendiari eta PSE-EEren zuzendaritzari zenbait kritika egiteko.
Adibidez, esan du EAJrekin sinatu duten gobernu itunak eta Eusko Jaurlaritzan elkarrekin aritzeak ez diola mesederik ekarri PSE-EEri. «Azken hilabeteetan horixe izan da etengabe eman dugun irudia: Iñigo Urkullu eta Andoni Ortuzarrekin eskutik joatea», azaldu du. Kritikatu du alderdiko oinarriei ez zietela galdetu hitzarmenaz, gai garrantzitsua izan arren, eta erantsi du PSE-EEko kideak «deseroso» daudela EAJrekin joanda. Ez du dudarik egin: alderdiko oinarriak ituna apurtzearen alde agertuko balira, berak ere berretsiko luke erabaki hori.
Gainera, PSE-EEk azken urteetan izan duen boto galera handia ere egotzi dio Ortuzarrek oraingo zuzendaritzari. Gogorarazi du Patxi Lopez lehendakari izan zenean PSE-EEk 300.000 boto inguru zituela, eta gaur egun 120.000 baino ez dituela. «2009tik ez dugu bururik altxatzen, ez dugu lortzen konektatzea», erantsi du.
Unai Ortuzarrek esan duenez, gaur egun PSE-EEk 5.200 kide inguru ditu. Hautagaitza aurkeztu ahal izateko, hurrengo urratsa afiliatuen artean abalak lortzea da: 528 bildu behar dituzte, esan dutenez. «Zaila» izango dela uste dute, baina horretan arituko dira buru-belarri. Ekainaren 28an amaituko da horretarako epea.
Unai Ortuzarrekin batera, Bilbo, Barakaldo, Basauri (Bizkaia) eta Errenteriako (Gipuzkoa) PSE-EEko batzordeetako zenbait kidek parte hartu dute agerraldian, eta Gasteizen, Lasarten (Gipuzkoa) eta beste zenbait herritan ere kideak badituztela esan dute. Beharrezkoak diren abalak bildu eta aurkeztea lortzen badute, ez dute baztertzen hauteskunde primarioetan «ezustekoa» ematea. «Gu ez gara alderdia apurtzen ari; alderantziz, alderdia aldatzen eta berriztatzen ari gara», esan du Ortuzarrek.
PSE-EEko idazkaritza ere lehian egongo da
Unai Ortuzarrek iragarri du PSE-EEko idazkari nagusi izateko aurkezteko asmoa duela. Idoia Mendiarekin lehiatuko da. PSE-EEk EAJrekin duen gobernu ituna kritikatu du hautagaiak

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu