Datorren asteburuan kongresua egingo du PSE-EEk, Bilbon, eta alderdiko militanteek jada 754 zuzenketa aurkeztu dizkiete batzar horretan eztabaidatuko duten txosten politikoari. Zuzenketa horietako bik diote ez dela baztertu behar «estatuaren zati baten banaketa prozesu bat». Zehazki, zenbait militantek idatzitako zuzenketa horiek diote «gehiengo garbi eta egiaztatu batek era argi batean [Espainiako] Estatuaren zati baten banaketa nahi duela planteatzen badu prozesua martxan jarri» beharko litzatekeela.
Zuzenketa horietan, alderdiko zenbait afiliatuk adierazi dute prest daudela etorkizuneko alor juridiko-politikoaz eztabaidatzeko, baita aurkeztutako planteamenduak PSE-EEren helburuekin bat ez badatoz ere. «Herritarren iritzi eztabaida» ez dutela baztertu behar uste dute, halaber. «Badakigu Euskadiko herritarren gehiengoa gizarteari eta ekonomia ehunari hainbeste kalte egiten dion banaketaren aurka azalduko litzatekeela», argudiatu dute. Haien helburua Araba, Bizkai eta Gipuzkoan diren «abertzaleen eta ez abertzaleen arteko banaketa klasikoa haustea» dela azaldu dute, halaber. Zuzenketetan diotenez, abertzaleek legegintzaldi honetan erabakitzeko eskubidea lortzea proposatzen duen agiri bat aurkeztuko balute, PSE-EEk ez lioke horri bizkarra eman behar, betiere ETA desagertuta balego. Galdeketa «demokratikoki eta legediari» jarraituz egin beharko litzateke, haien arabera.
Lehengo astean jakin zen, gainera, Irungo (Gipuzkoa) PSEk zuzenketa baten bidez planteatu duela alderdia ez dela jarri behar erabaki eskubidearen aurka.
Espetxe politika
Bestalde, PSEren JSE-Egaz gazte taldeak memoria eta elkarbizitzarekin zerikusia duten hainbat zuzenketa aurkeztu ditu. Besteak beste, alderdiari eskatu diote espetxe politika berri bat babes dezala, eta Parot doktrina eta sakabanaketa amaitzea ezinbestekotzat jo dute, betiere ETA desagertzen bada.
PSE-EEren bi zuzenketak estatutik banatzeko aukera jaso dute
Txosten politikoari aurkeztutako bi zuzenketek diote alor juridiko-politikoaz eztabaidatu behar dela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu