PSE-EEren buru izaten jarraitu nahi du Mendiak, «hasitakoa finkatzeko»

Dioenez, alderdiaren idazkari nagusi denetik PSE-EE «funtsezkoa» da euskal politikan. Ildo kritikoak primarioak bertan behera uzteko eskatu du

Idoia Mendia, atzo, Artxandan (Bilbo), bere hautagaitzaren aurkezpenean. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
gotzon hermosilla
Bilbo
2017ko ekainaren 13a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Idoia Mendia PSE-EEren gaur egungo idazkari nagusiak arduran jarraitu nahi du. Inork ez zuen horretaz dudarik egiten, baina orain ofizialki aurkeztu du bere hautagaitza alderdiak idazkari nagusia hautatzeko egingo dituen hauteskunde primarioetarako. Aurkezpenean, Mendiak esan du duela hiru urte, PSE-EE «zalantzaz beteriko egoeran» zegoenean, «urrats bat aurrera» egin zuela, eta geroztik alderdia «funtsezko» bilakatu dela euskal politikan. «Gobernu guztietan gaude», azaldu du.

Adierazpen horiekin, Mendiak EAJrekin duten itunari balioa eman nahi izan dio —itun horri esker daude sozialistak Jaurlaritzan, diputazioetan eta zenbait udal gobernutan— eta, bide batez, Unai Ortuzar beste hautagaiaren mezutik aldendu. Bere hautagaitzaren aurkezpenean, Ortuzarrek esan zuen sozialistak «deseroso» daudela EAJrekin ituna eginda.

Mendiak esan du bere alderdiak «sozialismo eraginkorra» ordezkatzen duela. «Gu gara benetako ezkerra, aurrerabiderako erreferentzia herritar guztientzat», esan du. Horregatik, berriro eskatuko du PSE-EEko kideen botoa, «hasitako lana» finkatzeko.

Idoia! Gure bermea izango da Mendiaren kanpainaren leloa PSE-EEren barne hauteskundeetan. Hautagaiak esan duenez, sozialistak dira «aurrerabidearen eta elkarbizitzaren bermea», eta hori «lan serio eta eraginkorrari esker» lortu dute. «Nik PSE-EEren lidergoa nahi dut, PSE-EEk euskal gizartearen lidergoa izaten jarrai dezan nahi dudalako», azaldu du Mendiak.

Uztailaren 9an izango dira barne hauteskundeak PSE-EEn, baina, lehenago, idazkaritza nagusirako aurkeztu nahi duten hautagaiek abalak bildu beharko dituzte, ekainaren 19tik 28ra. Oraingoz, bi dira aurkezteko asmoa azaldu eta beharrezko abalak —bostehun inguru— batzen saiatuko direnak: Idoia Mendia bera eta sektore kritikoko buru Unai Ortuzar.

Berritu ildoaren eskaera

Hain zuzen ere, Ortuzar hautagai duen ildo kritikoak, Berritu izenekoak, PSE-EEren primarioak bertan behera uzteko eskatu dio PSOEren Etika eta Berme Batzordeari. Haien abokatu Francisco Alvarez Barralek esan duenez, PSE-EEren barne hauteskundeak diseinatuta daude «oraingo zuzendaritzaren aurrean inolako alternatibarik sustraitu ez dadin».

Berritu izeneko hautagaitzakoek uste dute hauteskundeen egutegia zehaztu zuten Nazio Batzorde eta Herrialde Batzordeak «modu irregularrean» antolatu zirela, «urgentziaz» egin zirelako eta bost egun lehenago proposamenaren berririk eman ez zutelako. Abalak lortzeko epea ere «estuegia» iruditzen zaie Berritu hautagaitzako kideei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.