EAJk eta PSE-EEk datorren astean onartuko dute Eusko Legebiltzarrean Etxebizitza Arloko Premiazko Neurrien Legea. ELA sindikatuak arau horren gabeziak zerrendatu ditu gaur, eta eskakizun batzuk aurkeztu: «Etxebizitza babestuak eraiki daitezen sustatzea, etxebizitza turistikoak mugatzea, eta tentsio handiko eremuen inguruko legeak garatzea».
Sindikatuak salatu du gaur egun etxebizitza ez dela eskubide bat. Are, iritzi dio «negozioa egiteko ondasun» bilakatu dela, eta «pobrezia faktore argia» dela. Etxebizitzen prezioak «2007ko burbuilakoak gainditu dituen honetan», ELAk zorrotz kritikatu du Eusko Jaurlaritzan diren bi alderdi politikoek onartuko duten legea: «Etxebizitzen salerosketa sustatu nahi da, etxebizitza libreak eraikiz, eraikuntza enpresek eta bankuek etekin handiagoak izan ditzaten. Eta hori guztia, alokairuko etxebizitza babestuak eraikitzearen kaltetan».
2015eko Etxebizitzaren Legeak biltzen duen «eskubide subjektiboa» bermatzeko helburuz, ondorengo eskariak helarazi dizkiete alderdiei: etxebizitza eskubidea bermatzea, etxebizitza hutsak alokagai jartzea, etxebizitza babestu guztiak alokairukoak izatea, eta BPGaren %2 etxebizitza politiketarako erabiltzea, besteak beste. Baita etxebizitza turistikoak debekatzea eta tentsio handiko eremuetan alokairua mugatzeko eta jaisteko legeria garatzea ere.