Espainiako futbol selekzioak 2010ean irabazi zuen lehen aldiz Munduko Txapelketa. Orduko hartan, PSE-EEk Espainiaren garaipena ospatu zuen, baina ez selekzio berak lortu berri duen bigarren txapelketa ospatu duen moduan. 2010ean Patxi Lopez sozialista zen Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, eta haren hitzak gogoratzea baino ez dago ohartzeko PSEk beste jarrera bat hartu duela hamasei urte igaro eta gero: Lopezek nabarmendu zuen herritarrek «pozik egoteko arrazoiak» zituztela, baina «abertzalekeria merke oro bazter utzita».
Egunotan, aldiz, nazionalismo espainiarrari mugak jartzeko oharrak baztertu nahi izan dituzte PSEko agintariek: Gasteizko alkate Maider Etxebarria Espainiako selekzioaren elastikoarekin azaldu da ostiralero egiten duen agerraldira, «Espainiari erabateko babesa» azaltzeko eta «bizikidetza normalizatzeko». Marisol Garmendia Espainiako Gobernuak Euskal Autonomia Erkidegoan duen ordezkariak, berriz, «Aurrera, Espainia!» idatzi du sare sozialetan, selekzio horren alde. Vasca, y con la Roja (Euskalduna, eta Gorriarekin) izenburuko gutunean azaldu du bere sentipena, El Correo egunkarian.
⚽️ 🇪🇸 👏 La delegada del Gobierno en Euskadi, @MGarmendia_B, la subdelegada en Álava, Mar Dabán, la subdelegada en Gipuzkoa, Noemí López, y el subdelegado en Bizkaia, @CarlosGarcaBue1, comparten su apoyo a la selección. La sociedad unida. ¡Vamos España, a por el Mundial! pic.twitter.com/1UicOYVRgL
— Marisol Garmendia (@MGarmendia_B) July 18, 2026
Hala, bere burua «ez-nazionalistatzat» jotzen duen alderdi bateko agintariak ahalegin betean azaldu dira nazio baten alde, Espainiaren alde alegia, haren aldeko ikurrak eta banderak astintzen, sotiltasunari lekurik eman gabe. PSE-EEko idazkari nagusi Eneko Anduezak «identitariotzat» jotzen du euskal selekzioa, baita euskara oldarraldi judizialetik babesteko edozein ekimen eta euskal abertzaletasunarekin lotutako dena ere. Baina, aldi berean, PSEren egungo estrategia zein den argi utzi du sare sozialetan: «Espainia munduko txapelduna!», idatzi du. «Merezitako bigarren izarra, eta poz izugarria, baita Euskadin ere». Eta, bukatzeko, eztena sartu die selekzio hori babesten ez dutenei, alegia, euskal gizartearen gehiengo zabal bati, Eusko Legebiltzarreko ordezkaritza politikoa aintzat hartuz gero: «Gorantziak porrota espero zutenei».
🏆 ¡España campeona del mundo!
— Eneko Andueza (@enekoandueza) July 19, 2026
Un triunfo peleado de principio a fin.
Una segunda estrella merecida y una alegría extraordinaria y compartida, también en Euskadi.
Enhorabuena especial a todos los jugadores vascos. 🙌🏻
Y un saludo a los que esperaban una derrota. pic.twitter.com/O60dfa93x2
Espainiar nazionalismoari loturik
PSEren estrategia nagusian indarrez azaldu diren nazionalismoarekin lotutako kontraesan horiek aztertzeko, Iker Iraola EHUko soziologoarengana (Errenteria, Gipuzkoa, 1982) jo du BERRIAk. «PSEk aurrez aurre duen agertoki politikoan nola kokatu nahi duen, horrek azaltzen du jarrera hori. EAJrekin batera dago erakunde guztietan eta, politika zehatzei dagokienez, ez dago sakoneko desberdintasunik bien artean. Horregatik, PSEk EAJtik urrundu nahi du, desberdin azaldu, eta nazio auzia baliatzen ari da horretarako».
Nazio auzia azaltzen da gako nagusi gisa, beraz, Andueza buru duen alderdiaren estrategia aztertzean. «Euskarak balio dio bere soslai propioa eraikitzeko nazionalismo espainiarrari loturik, baina baita futbolak ere; ikurrak, azken finean».
«Nazio auzia erdigunean dago orain ere. Nazio auziak eragin izan du PSE iraganean PPrekin elkar harturik azaltzea. Aurrera begira, berriz, zer-nolako aukerak ditu PSEk agertoki politikoan? Galdera horri erantzunez hobeto uler daiteke hartzen ari den jarrera»
IKER IRAOLA EHUko soziologoa
Anduezak berak, ordea, «nazionalisten eta ez-nazionalisten» arteko euskal gizarte bat marrazten du aldiro, nazionalismoa euskal abertzaleei egotzita, kutsu ezkor batekin betiere. Ez ote da gizarteari begira kontraesan handiegia sozialisten artean azaleratu den hori, Espainiako selekzioaren aldeko babesaren harira? «Nazionalista izateak kutsu negatiboa har dezake, eta besteei egozten zaie kondizio hori», erantzun du Iraolak: «Estaturik ez dutenak nazionalistatzat jotzea da egin ohi den ariketa. Estatua dutenek ez dute estaturik aldarrikatu beharrik, eta abantaila hori baliatzen dute besteei leporatzeko nazionalismoa». Iraolaren arabera, PSE «espainiar nazionalismoari guztiz loturik» azaltzen ari da, baina besteei egozten die jarrera hori: «Hego Euskal Herrian, espainiar nazionalismoa dago eta euskal abertzaletasuna dago, eta bien arteko desberdintasun nagusia da nazionalismo espainiarrak estatua duela».
Futbola baino askoz gehiago
Batera edo bestera, gaia ez da futbola bakarrik. Euskal gizartearen gehiengo batek ez baitu futbol kontu soiltzat hartzen Espainiako banderak kalean barna astintzea, elastiko gorriak harro erakustea, zenbait euskal hiritan finala ikusteko jarritako pantaila erraldoien aurrean egin den bezala. «Euskal Herrian, Espainiako selekzioaren alde agertzea, banderekin, eta elastikoekin ere bai neurri batean, espainiar nazionalismoarekin lotzen da», esan du Iraolak. PSEko zuzendaritzak ere badaki hori, baina deliberatu du bere burua modu horretan azaltzea, «normalizazioari» erreparatuz. «Estrategia horrek badu arriskua, baina, gaur egun, EH Bildutik ere desberdindu beharra dauka PSEk, koalizio subiranista gero eta gehiago zabaltzen ari baita independentismotik harago. Beraz, PSEk marra argi bat ezarri behar du hor. Kontua da orain arte PPk izan dituela sozialistek hartu dituzten bandera horiek».
Ez alferrik, espainiar nazionalismoa «eskuinari, eskuin muturrari eta frankismoari loturik» azaldu da Euskal Herrian, Iraolak gogoratu duenez. Azken hamarkadetan, baina, «espainiar nazionalismoa konplexuak bazterrean» uzten ari da. «Lotura historiko horiek ahuldu egin dira, eta PSEren egungo jarrera horretan laguntzen ari da».
Nolanahi ere, gauza bat «oso argi» uzten du egoera horrek guztiak, EHUko soziologoaren arabera: «Nazio auzia erdigunean dago orain ere, nahiz eta PSEk ukatuko duen beharbada. Nazio auziak eragin izan du PSE iraganean PPrekin elkar harturik azaltzea. Aurrera begira, berriz, zer-nolako aukerak ditu PSEk agertoki politikoan? Galdera horri erantzunez hobeto uler daiteke orain hartzen ari den jarrera».