Jon Anzaren desagerpena eta heriotza argitzeko asmoz "ikerketa independentea" egiteari uko egin diote PSE-EEk, PPk eta UPDk. Aralarrek egin du proposamena. "Agintean egonik, GALen sasoian bezala, gertaerak argitzeko ikerketa independente baten alde agertu beharko liratekeen lehenengoak eurek beharko lukete", esan du gaur Aintzane Ezenarro Aralarreko legebiltzarkideak.
Ezenarroren iritziz, argitu beharra dago Espainiako Estatuko poliziek atxilotu zuten ala ez Anza, baita Frantziak honen gorputza ezkutatzen parte hartu zuen ere. Aralarreko bozeramaileak "behar-beharrezkotzat" jo du arlo bi horiek argitzea, "hala gertatu bazen ardurak eskatzeko eta, bestela, gerra zikinaren beste kapitulu baten aurrean gauden susmoak baztertzeko. Ikerketa egin ezean, zerbait ezkutatzeko dagoela susmatzeko beste arrazoi bat emango da".
ETAko militantea zen Jon Anza (Donostia, 47 urte) preso ohia desagertu zenean: 2009ko apirilaren 18an. Aurtengo martxoaren 11n jakin zen -ofizialki- hura hilda zegoela eta gorpua Tolosako (Frantzia) Purpan erietxean zegoela. Informazio ofizialen arabera, apirilaren 29an aurkitu zuten Tolosako etorbide batean osasun egoera txarrean, hiriko erietxe horretara eraman zuten, eta maiatzaren 11n hil zen. Familiak eta Amnistiaren Aldeko Mugimenduak gerra zikina izan zela salatu dute.
jon anza auzia
PSE, PP eta UPDk uko egin diote Jon Anzaren heriotza ikertzeari
Aralarren ustez, "behar-beharrezkoa" da jakitea Espainiak atxilotu zuen ala ez preso ohia, baita Frantziak gorputza ezkutatzen parte hartu zuen ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu