Gipuzkoako PSE-EEk jakinarazi du Foru Aldundiko Ogasuneko Kontu Hartzaile zerbitzuak diputazioak Udalbiltzari zuzeneko diru laguntza bat ematearen aurkako txostena egin duela, diru ekarpena egiteko motiborik ez dagoelakoan. Julio Astudillo PSEren Batzar Nagusietako bozeramaileak adierazi du Martin Garitano ahaldun nagusiak "berriz ere" ez diola kasurik egin Kontu Hartzaile zerbitzuari.
Diputazioko gobernuak aurtengo uztailaren 29ko bileran erabaki zuen Udalbiltza partzuergoari ehun mila euroko laguntza ematea.
"Garbi dago Bilduk bere alderdi interesak legediaren aurretik jartzen dituela", esan du Astudillok. "Bere jendearentzat gobernatzen du Bilduk, interes orokorra kontuan hartzeke". PSEkoak gaineratu du diru laguntza haren bidez Gipuzkoakoak ez diren egitasmoak finantzatuko dituela aldundiak, "haietako proiektu bat Pirinioetakoa delako".