konponbideari begira

PSEk ere lehendabizi EAJ, PP eta hiruren arteko akordioa nahi du

Jose Antonio Pastorrek uste du hitzarmen horren ondoren Bildurekin hitzarmena egiteko modua legokeela. Atzo Antonio Basagoiti EAEko PPko buruak hiru alderdien akordioa proposatu zuen, eta gaur zehaztu du bere formula ez dela baztertzailea. PSEko bozeramaileak esan du espetxe politikan aldaketak egin beharko liratekeela.

2012ko otsailaren 15a
18:32
Entzun

Antonio Basagoiti EAEko PPko presidetearen xede bera du PSE-EEk: ETAk jarduera armatua bukatu osteko egoera berrian, lehendabizi PP, EAJ eta PSEren arteko "akordio handia" lortu nahi du, gaur Jose Antonio Pastor EAEko sozialisten bozeramaileak iragarri duenez. Honek uste du hitzarmen horren ondoren Bildurekin akordioa egiteko modua legokeela.

Atzo Basagoitik Mariano Raxoi Espainiako gobernuburuarekin egindako batzarraren ondoren zioenez, "akordio idatzi bat" proposatuko die PSEri eta EAJri, garai politiko berria kudeatzeko. Haren arabera, hainbat puntutan bat egiten dute horu alderdi politiko horiek, eta oinarri horiek sendotzea izango litzake akordioaren helburua. Hauek dira puntuok: ETAk jarduera armatua utzi izana albiste ona dela uste izatea, ETAk baldintzarik gabe desegin behar duela ezinbestekotzat jotzea eta hari ezin zaiola "sari politikorik" eman onartzea.

EAEko PPko buruak gaur zehaztu nahi izan du bere formula ez dela "baztertzailea" baina, oraingoz, balizko akordio horretan ez duela ezker abertzalea ikusten.

Pastor PSEko eledunak Radio Euskadi irratian esan du "Euskadik ilusio handiko garaia" bizi duela, "askatasuna berreskuratu" dela, baina oraindik ere dena ez dagoela itxita edo lotuta. Bizikidetza sakontzeko beharra dagoela irizten dio.

Euskal presoen hurbilketaren alde mintzatu da, eta espetxe politikan beste aldaketa batzuk ere egin beharko liratekeela adierazi du, amnistia edo indultua baztertuta. "Presoek ETAtik aldendu beharko lukete, bergizarteratzeko bideei eusteko. Espainiako Gobernuak dinamika hori lagundu egin beharko luke".

Pastorrek iritzi dio PPk denbora beharko duela jarrera aldatzeko. Ondorioz, "pazientzia historikoa" izatearen alde mintzatu da.



 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.