Udalbiltzako hogei auzipetuen absoluzioaren biharamunean, Jokin Bildarratz (EAJ) Eudel EAEko udal elkarteko presidenteak normalizazio politikoa lortzeko bidean "Udalbiltza edo antzeko zerbait den" egitasmo bat bultzatzea proposatu du gaur, Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan, eta PSE-EEk haren dimisioa eskatu du hori eskatu duelako.
Bildarratzen asmoa "etorkizunera begira hausnartu" eta zazpi lurraldeetako udalen elkarlanaren bidez "Euskal Herri bat badagoela" aldarrikatzea da. Haren arabera, Eudelek "oso betekizun garrantzitsua betetzen" du, baina beharrezkoa da "estatu batetik haratago doan zuzenbide sistema osatzea, euskal herritarrak bi estaturen baitan bizi direlako, eta Espainian bi autonomia erkidegotan".
PSE-EEk dio harena Eudelen baitan dauden udal guztiak kontuan ez dituen proposamena dela. "Argi dago Bildarratzek soilik EAJren izenean hitz egin".
Sozialistak zorrotzak izan dira jeltzalearen hitzekin, eta Eudelen interesen aurka jardutea salatu diote. "Bildarratzek dimisioa aurkeztu beharko luke, euskaldunen aniztasunaren batasunaren alde egin beharrean, zuzentzen duen erakundea ezbaian jarri duelako. Eudel etorkizunik gabe ikusten du, beste erakunde baten alde egiten duela dirudi".
Tolosako alkatea ere bada Bildarratz.
politika
PSEk Eudeleko buruaren dimisioa eskatu du, hark "Udalbiltza edo antzeko bat" proposatu ondotik
"Euskal Herri bat badagoela" aldarrikatzeko udal egitasmo bat osatzea beharrezkotzat jo du Jokin Bildarratzek, Udalbiltzako absoluzioaren ondoren. PSEk uste du EAEko udal elkartearen aurka ari dela hura.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu