PSEn Mendia eta Ortuzar lehiatuko dira, eta PSNn Txibite da hautagai bakarra

Amaitu da hautagaitzak aurkezteko epea. Araban eta Bizkaian sektore kritikoko hautagai bana lehiatuko zaizkie egungo idazkari nagusiei

Mendiak joan den astean aurkeztu zuen bere hautagaitza. LUIS JAUREGIALTZO / ARP.
edurne begiristain
2017ko ekainaren 21a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
PSE-EEko eta PSNko idazkari nagusi izateko izena emateko epea atzo amaitu zen, eta ezusterik ez da egon: PSE-EEn Idoia Mendiak eta Unai Ortuzarrek aurkeztu dituzte euren hautagaitzak, eta PSNn, Maria Txibitek. Hala, gaurtik aurrera epe bat zabalduko da hautagaiek abalak lor ditzaten. PSE-EEren kasuan, hilaren 28ra artean abalak lortu beharko dituzte —bakoitzak 530 inguru—. PSNn, berriz, egun bat geroago amaituko da epea: hilaren 29an. Gutxienez militanteen erroldaren %10en babesa lortu behar du Txibitek —151 inguru—.

Uztailaren 9an izango dira barne hauteskundeak PSE-EEn, eta irailaren 30ean eta urriaren 1ean, berriz, VIII. kongresua egingo du, ohikoa. Idoia Mendia PSEko egungo idazkari nagusiak karguan jarraitu nahi du —2014ko irailetik dago—, eta orduan hasitakoa «finkatzeko» eutsi nahi dio postuari, joan den astean bere hautagaitza aurkeztu zuenean adierazi zuenez. Alabaina, postu hori eskuratzeko lehiakide bat izango du: Unai Ortuzar. Berritu izeneko sektore kritikoko buru da Ortuzar, eta kritiko azaldu izan da PSE-EEren zuzendaritzarekin, EAJrekin eginiko akordioaz militanteei ez galdetzeagatik.

Nafarroako sozialistek, berriz, giro lasaiagoan ekin diote kongresurako prozesuari. Maria Txibite egungo idazkari nagusiak baino ez du aurkeztu postu horretarako hautagaitza. Hautagai bakarra aurkeztu denez, ez dira egingo hauteskunde primarioak. Txibitek abalak lortzen baditu, hilaren 29an izendatuko dute ofizialki idazkari nagusirako hautagaia. Hurrengo urratsa PSNren kongresua egitea izango da: uztailaren 29an egingo dute Nafarroako sozialistek XI. kongresua.

Araban eta Bizkaian, lehia

PSEko idazkari nagusi izateko hautagaiak ez ezik, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ere idazkarinagusirako hauteskunde primarioak egingo dituzte. Atzo amaitu zen hautagaitzak aurkezteko epea, eta badira berritasunak. Araban, egungo idazkari nagusi Cristina Gonzalezekin batera, Iruña Okako alkate Javier Martinez aurkeztu da kargurako. Pedro Sanchezen ildoarekin bat egin du Martinezek, eta atzo jakinarazi zuen Sanchezek PSOEn egin duen bezala berak ere «aldaketa» gidatu nahi duela Araban. Gonzalezen kudeaketa kritikatu du Martinezek.

Bizkaian ere sektore kritikoko hautagai bat aurkeztu da: Julian Zelaia. Ortuzarrek gidatzen duen Berritu plataformako kide da Zelaia, eta alderdia «berritzea» eskatu du. Mikel Torres egungo idazkari nagusiarekin lehiatuko da Zelaia. Gipuzkoan, berriz, hautagai bakarra aurkeztu da idazkari nagusirako: Eneko Andueza. Azken hamar urteotan Gipuzkoako PSEko buru izan den Iñaki Arriolak karguan jarraitzeko asmoari uko egin ostean aurkeztu du bere burua Anduezak. Urriaren 7an egingo dituzte kongresuak hiru lurraldeetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.