Udalen osaketa. Gipuzkoa

PSEri eman dio botoa PPk, baina ez da aski izan Bilduren kontra

AndoainAna Karrere Bildukoak eskuratu du alkatetza, PSEk adinako babesa lortu duen arren bozetan irabazi zuelako

Erredakzioa
Donostia
2011ko ekainaren 12a
00:00
Entzun
Hauteskundeetan nagusi izan zen alderdiak, Bilduk, eskuratu du Andoaingo alkatetza. Ana Karrerek izango du alkate makila hurrengo lau urteetan. Berdinketa izan zen udalbatzan: zazpina boto lortu zituzten Karrerek—Bilduren zazpi zinegotzienak— eta Estanis Amutxastegi PSE-EEkoak —sei zinegotzi sozialistenak eta PPko bakarrarena—. Ordea, maiatzaren 22an Bilduk lortu zituenez boto gehien, hark eskuratu du alkate kargua. EAJk hiru zinegotzi ditu Andoaingo Udalean, baina ez dute inoren alde egin, nahiz eta hautagaia aurkeztu; zuri bozkatu dute. Azken bi agintaldietan PSE izan da alkatetzan.

Herritarrek bete zuten udaletxeko aretoa. PSE-EEren izenean, Gipuzkoako Batzar Nagusietako jarduneko presidente Rafaela Romero izan zen kargu hartzeko ekitaldian. Karrerek eskuraturik alkatetza, txalo eta oihu artean hartu zuten aretoan batutakoek.

Udalera aldaketa ekarriko duela hitzeman du Andoaingo alkate berriak: «Ateak irekiko dizkiegu herritarrei, eta aldaketa politiko eta soziala ekarri». Euskal Herriko egoera politikoari buruz jardun zuen lehen hitzaldian Karrerek, eta gatazka gainditzeko lan egingo duela agindu: «Bortxa adierazpen oro behin betiko eta baldintzarik gabe desagertzeko eskatzen dugu. Egoera demokratikoa lortzea da lehen erronka, eta horren alde egingo dugu lan».

PSE-EEren alkategaiak hitz gogorrak izan ditu Bildurentzat. ETA ez gaitzestea egotzi die udal agintari berriei, eta «atzean pistolak dituztela» gobernatu behar al duten galdetu. Amutxastegi alkate izan da azken agintaldian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.