Hiru alderdien proposamena astelehenean aztertuko du bozeramaileen mahaiak, eta asteartean bozketa egingo dute osoko bilkuran, EH Bilduk jakinarazi duenez. "CAN auzia aztertu eta argitu dadin" nahi du koalizioak; horregatik proposatu du "behin eta berriro" kutxa ikertzea.
Azaldu duenez, hirutan proposatu du Nafarroako Parlamentuan CANen gaineko ikerketa batzorde bat sortzea, baina UPNk, PSNk eta PPk ez dute eskaera babestu. Gaur, ordea, ustelkeriari buruz egin duten ponentzian, Santos Cerdan PSNko antolakuntza idazkariak esan du proposamenari baietz esango diotela. “PSNk urte hauetan kaleak hainbatetan eskatutakoari azkenean kasu eginen diola ematen du”, esan du Bakartxo Ruiz bozeramaileak.
Ponentziaren ondotik, PSNk bilera egin du arratsaldean, eta ikerketa batzordea eratzeko proposamen bat egitea adostu duela jakinarazi du. Ondoren, ordea, argitu du ez duela proposamenik egingo, baina "prest" dagoela gainerako alderdiek aurkeztutakoak babesteko.