hezkuntza

PSNk bat egin du UPNrekin eta PPrekin erretiratutako testuliburuen auzian

Nafarroako Parlamentuak adierazpen instituzional bat onartu du testuliburuetan "Nafarroaren errealitate instituzionala errespeta" dadila eskatzeko. "UPN eta PSNren arteko aliantza itzuli da", esan du Patxi Zabaletak.

Jose Iribas Hezkuntza kontseilaria aurreko astean testuliburuetako mapak eskuan hartuta. BERRIA
2014ko urriaren 6a
15:04
Entzun

UPNk aurkeztu du adierazpen instituzionala Bozeramaileen Batzordean, eta PSNk eta PPk bat egin dute horrekin. Bilduk eta Aralar-NaBaik kontra bozkatu dute, eta Ezkerra abstenitu egin da. Bilduk eta Aralar-NaBaik zuzenketa bat aukeztu dute "Nafarroaren errealitate soziala, politikoa, historikoa, kulturala eta linguistikoa eta pluraltasuna" errespeta daitezela eskatzeko, baina UPNk ez du onartu, eta ez dute bozkatu.

Pedro Rascon PSNren ordezkariak esan du hezkuntzan lege batzuk daudela, "gustatu ala ez gustatu", eta horietan oinarritzen dela curriculuma. "Ikastetxeetan erabiltzen diren ikasliburu guztiak curriculum horretan oinarritu behar dira". "Haurrei errealitatea erakutsi behar zaie", esan du Carlos Garcia Adanero UPNren ordezkariak. Ana Beltran PPren ordezkariarentzat, Nafarroako Gobernuaren ekinbidea arrakasta handikoa da.

"Adierazpen faxista"

Maiorga Ramirez Bilduko parlamentariak salatu du UPN arreta desbideratzen ari dela, "hezkuntzaren kudeaketan bere porrota ezkutatzeko". Patxi Zabaleta Aralar-NaBaiko ordezkariak esan du UPNren adierazpena faxista dela, eta errealitate instituzionalak errealitate soziala, kulturala eta plurala erakutsi beharko lukeela. "Guztia errealitate instituzionalean amaitu nahi izatea faxista da".

Jose Miguel Nuin Ezkerraren ordezkariak esan du abstenitu egin dela ezin izan delako zuzenketa bozkatu, eta gaineratu du testuliburuetan errealitate instituzionalaz gain beste batzuk ere agertu beharko liratekeela. Manu Aierdi GeroaBaiko parlamentariak eskatu du auzia ez dadila erabil "tentsioa sortzeko tentsiorik ez dagoen tokian".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.