Espainiako Estatuko Aurrekontu Orokorren eztabaidan abstentzioaren alde egitea erabaki zuen atzo gauean UPNk, PPren ildotik bereizita -biek ituna dute 1991tik-, eta neurri hori "Nafarroarentzat eta Espainiarentzat garrantzitsua" dela deritzo PSNk, Roberto Jimenez idazkari nagusiak gaur esan duenez.
Erabaki horrek UPNren eta bien arteko haustura ekarriko duela berretsi zuen atzo PPk, baina gaur jakinarazi du "gogoeta fasea" hasiko duela, zer neurri hartu erabakitzeko. Alberto Catalan UPNko idazkari nagusiak adierazi du "oraingoz" ituna ez dagoela apurtuta.
UPNren "ahalegina" aitortu du Jimenez PSNko buruzagiak. "Hala ere, ez du bestelako gauzarik egin. Nafar sozialistok aspalditik horixe ari gara egiten, egunez egun, eta herritarrentzat politika egiten segituko dugu".
Nafarroako Batzordearen bilera egiten ari da PSN gaur Iruñean, eta idazkari nagusiak UPN jo du euren "aurkari politikotzat", nahiz eta iaz UPNk Nafarroako Gobernua eskuratzea ahalbidetu zuten.
Miguel Sanz garaile, aise
UPNk ezohiko bilera izan zuen atzo Iruña Park hotelean eta bertan gehiengo handi batek Miguel Sanz Nafarroako Gobernuko eta UPNko presidentearen proposamena onartu zuen. 163 kidek alde bozkatu zuten, bostek kontra eta 12 abstenitu egin ziren.
PSN-PSOEk iradokia zion iazko udan egindako mesedea itzultzeko ordua zela, eta Espainiako aurrekontuetan "arduraz" jokatu ezean, Nafarroako Gobernuaren egonkortasuna kolokan jartzeko atea ireki zuen (anbiguotasunez bada ere). Ezbai horren aurrean, Sanzek erdiko bidetik egitea erabaki du eta abstentzioaren aldeko proposamena defenditu zuen.
Politika
PSNk dio "Nafarroarentzat eta Espainiarentzat garrantzitsua" dela UPNren erabakia, eta PPk "gogoeta" hasi du
Espainiako aurrekontuen eztabaidan abstentzioaren alde egitea erabaki zuen atzo Miguel Sanzen alderdiak, PPren ildotik bereizita. "Hala ere, ez du bestelako gauzarik egin. Nafar sozialistok aspalditik horixe ari gara egiten", esan du gaur Roberto Jimenez PSNko idazkari nagusiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu