PSNk eta EH Bilduk aurrekontuen inguruan «akordio ona» lortzea espero dute

Iruñeko Udalean zentsura mozioaren osteko lehen bilkura egin dute. UPNk PSNri adierazi dio ez duela haiekin akordiorik egiteko asmorik.

(ID_17047219702315) Parlamentuko Mahai eta Eledunen Batzordea
Parlamentuko Mahai eta Eledunen Batzordea, gaur. MIGUEL OSES / NAFARROAKO PARLAMENTUA.
joxerra senar
2024ko urtarrilaren 8a
15:30
Entzun

Abenduaren 22an, PSNk eta EH Bilduk lehen bilera egin zuten aurtengo aurrekontuei begira. Nafarroako Gobernuak aurki aurkeztuko du aurreproiektua, eta haren edukia negoziatzen ari dira bi alderdiak. PSNk eta EH Bilduk aurreratu dute elkarrizketak bide onetik doazela eta «akordio ona» lortzea espero dutela.

Oporrak amaituta, Nafarroako Parlamentuko Mahaiak eta Eledunen Batzordeak urteko lehen bilera izan dute, eta hura amaituta, ohi legez, taldeetako eledunek hitz egin dute. Negoziazioei buruz galdetuta, Ramon Alzorriz PSNko bozeramaileak azpimarratu du elkarrizketak «amaiera ona» izatea espero duela. «Zenbait alderdi gatazkaren bila aritzen dira, eta beste batzuek, aldiz, akordioak eta pertsonen bizimodua hobetzeko aurrekontuek aurrera egitea nahi dute».

EH Bilduko Adolfo Araizen hitzetan, abenduaren 22ko lehen bileraren ondoren, gobernuko departamentu bakoitzarekin lan egin dute, atalka lantzen ari diren zirriborroak zuzen-zuzenean ezagutzeko. «Bertako diru sail batzuen berri izan dugu, eta horren gainean hainbat proposamen egin ditugu», azaldu du. Aurreko urteetan, aurrekontuen edukia ezagutarazi aurretik lortu izan dute akordioa, eta aurten ere antzera jokatu nahi dute. «Ixteko dugu. Akordio ona lortzea espero dugu, eta bertan jasoko dira, aurrekoetan bezala, konpromiso politikoak. Uste dugu oraingoan ikuspegi zabalagoa izango duela, 2024tik haratago».

PSNren eskaintza UPNri

Alzorrizek eskua luzatu dio UPNri Nafarroako udaletan aurrekontuak negoziatzeko, eta UPNk irmo ukatu dio eskaintza. «PSNk jakingo du zer egiten duen, baina ez da negoziaziorik egongo», erantzun dio UPNko Javier Esparzak. «Agintean garen udaletan aurrekontuak aurkeztuko ditugu, eta PSNk nahi duena bozkatuko du, baina ez da elkarrizketa edo akordiorik egongo». Alzorrizen arabera, «PSNk egonkortasuna eman nahi die erakundeei, ez soilik Iruñeko Udalean edo Nafarroako Gobernuan».

Iruñeko Udaleko zentsura mozioaren ostean, bien arteko harremanak gaiztotu dira. Parlamentuan, PPk adierazpen bat aurkeztu du «EH Bildu edo ETA irmo gaitzesten ez duen edozein alderdi ez babesteko». Agirian aipatzen da Iruñeko Udala edo Espainiako beste udal edo instituzio bat EH Bilduri ematea talde terroristaren helburu edo bitartekoekin bat egitea» dela. 

PSNk adierazpen horren aurka egin du, horrelako adierazpenak aho batez onartu behar direla iritzita. «Amaitu bezala hasi da urtea; eskuina ETAren biktimen erabilera doilorra egiten, alegia». Alderdi Sozialistarentzat adierazpen iraingarria dela dio, ETAren helburuekin bat egitea leporatzen baitzaie: «Terrorismoa irmo gaitzesten badute, PSNk baiezkoa emango dio proposamenari. Baina biktimak erabili eta gure alderdia iraintzen badute, ezezkoa emango dugu, konplexurik gabe. Nahikoa da; aski da terrorismoaren biktimen erabilera maltzur eta zikina egiteaz». Alzorrizek gaineratu du kalean jendea «nekatuta» dagoela eskuinaren asmo horiekin.

UPNko Javier Esparzak erantzun dio «iruzurtiek» zuzentzen dutela egun PSN. «Kalean zoriondu zaituztenak ETAko terroristen lagunak dira». Haren esanetan, gezurra da esatea eskuina gatazkaren bila dabilela, eta PSNk eta EH Bilduk «maitasuna eta bakea» nahi dituztela. «EH Bildu ez da indar aurrerakoi bat: independentistak dira». Gaineratu du zentsura mozioarekin Nafarroako gizartearen %40 baztertu dutela. «Harresi bat altxatu dute, eta UPNk eskua luzatu dien bakoitzean uko egin diote».

Iruñean, lehen osoko bilkura

Abenduren 28ko zentsura mozioaren ondotik, lehen osoko bilkura egin dute Iruñeko Udalean. Oso laburra izan da. Bertan, Joseba Asiron Iruñeko alkateak UPNko Juan Jose Etxebarria eta PSNko Miguel Matellanes zinegotzi izateko proposamena onartu du. Lehenak Clara Garcia-Valiño ordezkatuko du, eta bigarrenak, Elma Saiz. Ostegunean egingo da ohiko osoko bilkura, eta orduan hartuko dute kargua.

Abenduaren 28an adierazi bezala, udal gobernuaren lehentasunen artean etxegabeen arazoari irtenbide bat ematea dago. Hotz handieneko egunak direnez, etxegabeak artatzeko aterpeetan langile kopurua handituko dute. Halaber, Gonzalez Tablas kaleko aterpean egon ohi diren DYAko boluntarioen ordutegia zabalduko da, aterpean direnak geroago atera ahal izan daitezen kalera goizean. Udalak jakinarazi duenez, abenduaren 28az geroztik batez beste gau bakoitzean 135 pertsonak erabili dituzte hiru aterpeak, eta haietara jotzen duten guztiek tokia izatea bermatu nahi izan dute horrela.

Halaber, ezagutzen ez dituztelako edo haien borondatez erabili nahi ez dituztelako, aterpe horietara jotzen ez duten etxegabeentzat bestelako alternatibak izateko baliabideak indartu dituzte. Udalaren helburua da inork ez pasatzea gaua kalean toki faltagatik. Aukera horietako bat ostatuetako gelak dira. Hotz handiko egunetan ostatuetako logela batzuk ere erabili dira: modu egonkorrean, 11 gela, eta eskari handieneko egunean, 18 gela.

Osteguneko osoko bilkurari begira, UPNk eta PPk parlamentuko bidetik joko dute. UPNk ETA gaitzesteko adierazpen bat aurkeztu du. PSNk, berriz, Iruñeko lehen elkarbizitza plana lantzeko lehen proposamena aurkeztuko du. EH Bildurekin hitzartutako akordioan jasota dago konpromiso hori.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.