Politikan, gertatzen dena bezain garrantzitsua da gertatu den hori nola kontatzen den. Kontakizunak, alegia. Atzo, PSN eta EH Bildu batzartu ziren, Nafarroako Gobernua osatzeko bilera sortaren barruan. Ateak itxita, ordubetez solasean aritu ziren bi taldeak: Laura Aznal, Adolfo Araiz eta Miren Zabaleta, EH Bilduren izenean; eta Maria Txibite, Ramon Alzorriz eta Jorge Agirre, PSNren ordezkari gisa. Aurretik jakina zen alde bien jarrera. Bilera amaituta, ordea, parlamentu barruan hitz egindakoaren kontakizun kontrajarriak egin zituzten batzuek eta besteek, hedabideen aurrean. EH Bildu baikor azaldu zen, atzokoa bi indar politikoen arteko «lehen kontaktu bat» izan zelakoan. PSNk, berriz, negoziazio bidea itxitzat eman zuen koalizio independentistarekin: «Ez dago zertaz hitz egin, dena esanda dago».
Argi dagoen bakarra da gaur-gaurkoz ez dagoela akordiorik bi indarren artean. EH Bilduri betoa jarria dio PSNk, eta ez du koalizio abertzalearekin kargurik adostuko, ez Nafarroako Gobernuan, ezta udaletan ere. PSNko Antolakuntza idazkari Ramon Alzorrizek zurian beltz utzi zuen, bileraren ostean: «Gure asmoa da Maria Txibite buru izanen duen gobernu bat adostea, egungo bazkideekin: Geroa Bairekin eta Zurekin Nafarroarekin, alegia». Ekuazio horretan, EH Bilduk ez du tokirik. «Argi esan diegu esan beharrekoa: ez dugula haiekin gobernurik adostuko, eta ez direla Nafarroako Gobernuan sartuko».
Hala ere, PSNk hobetsitako gobernu formulak ez du babes nahikorik parlamentuan; hortaz, Txibiteri ezinbesteko zaio EH Bilduren abstentzioa. Horretaz galdetuta, argigarria da Alzorrizek erantzun zuena, bai hitzez, bai keinuen bidez: sorbaldak goratuta, aitortu zuen ez dakiela zer eginen duen EH Bilduk gobernua osatzeko tenorean. «Dakiguna da EH Bilduk esan zuena; alegia, bere botoek balioko dutela eskuinari gobernabidea kentzeko, horretarako aukera dagoenean». Aurreko egunetan esandakoa berretsi zuen PSNk, atzo: independentisten babesa nahi dutela, baina horren truke ezer emateko asmorik gabe.
PSNren «hirugarren bidea»
Alzorriz ez bezala, negoziatzen segitzeko prest azaldu zen Laura Aznal, EH Bilduko lehendakarigaia, bileraren ostean. Adierazi zuen bere taldearentzat «lehen hartu-eman bat» izan zela atzokoa, eta datozen egunak eta asteak «oso garrantzitsuak» izanen direla. Aznalek lehentasuntzat jo zuen «fase berri bat zabaltzea», zeinean «eskuinak ez dituen Nafarroako politikak baldintzatuko».
Nabarmendu zuen EH Bildu dela «Nafarroako lehen indar munizipalista, eta Euskal Herrian boto gehien duen talde politikoa», eta hari dagokiola Iruñeko alkatetza: «Txibiteri Nafarroako Gobernua eratzea dagokion bezala, Asironi dagokio Iruñeko udal gobernuko buru izatea». Alzorrizek, ordea, ezezkoa eman zion: «Prest gaude hirugarren bide bat aztertzeko, eskuinak alkatetza lor ez dezan; adibidez, Koldo Martinez [Geroa Bai] alkate izendatzea, eta ez Elma Saiz».
PSNk hordagoari eutsi dio: doan nahi du EH Bilduren babesa erakunde guztietan
Akordiorik gabe bukatu da Txibiteren eta Aznalen arteko bilera. PSNk atea itxi dio koalizio abertzaleari: «Ez dugu haiekin gobernurik adostuko»

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu