Gaur PSNko militanteek hurrengo idazkari nagusia aukeratuko dute, eta, zantzu guztien arabera, Roberto Jimenez egungo Nafarroako presidenteordea gailenduko zaio Manuel Campillo Tuterako zinegotziari. Ustekaberako tarte gutxi dago. Berez, Jimenez ordezkatzeko arrazoi ugari daude. UPNrekin gobernua partekatzeagatik higadura politiko handia jasaten ari da PSN. Gainera, lehen ehun egunetan Espainiako Gobernuak ezarri dituen neurrien aurrean erresistentzia txikia erakusten ari da Nafarroako Gobernua. Balantzaren beste aldean Campilloren soslai politiko apala dago. PSOEko zuzendaritzaren babesik gabe, orain arteko bidearen aldeko ildoari aurre egiteko alternatiba argirik ez du azaldu.
Testuinguru horretan garatuko da X. Lurralde Batzarra, gaur hasi eta igandera bitartean, Baluarte jauregian. Idazkari nagusia aukeratzeaz gain, zuzendaritza berrituko da, eta hurrengo urteetan PSNk jarraitu beharreko ildo politikoa zehaztuko dute. Nafarroako politikagintzari begira biltzarrak erabakigarria izan beharko lukeen arren, ia ziurrenik tramite hutsa baino ez da izango.
Campillok apenas duen aukerarik. Baldintzak badira aldaketarako, baina diskurtsoa gobernutik ateratzeko aukeran oinarritu du, eta hausteko arriskuak haren aurka jokatzen du. Ez dirudi hauteskundeak aurreratzea PSNri gehien komeni zaionik orain.
Zuzendaritzak alderdia kontrolpean dauka, gainera. Biltzarrera 213 ordezkari daude deituta, eta, idazkari nagusi izateko lehian ofizialki sartzeko, hautagai bakoitzak gutxienez 43 ordezkariren babesa lortu behar du. Norberaren indarra erakusteko baliatu ohi da maiz, baina Jimenezek nahiago izan du bere kartak ezkutatu. Aldiz, Campillori komeni zaio zein sostengu duen azaltzea, eta, orain arte, 58 sinadura baino ez ditu. Boto horiekin nekez beldurtuko da Jimenez: 2008ko kongresuan, Amanda Acedo hautagaiak 61 boto zituen, eta gerora Jimenez aise gailendu zitzaion.
Horregatik, «lasai eta pozik» azaldu da Roberto Jimenez batzar garrantzitsuaren atarian. Militanteen babes zabala ziurtatuta izateaz gain, PSOEko zuzendaritza federalaren onespena du. Nahiz eta Jimenezek PSOEren Kongresuan Carmen Chaconen alde egin, ez dirudi Rubalcabak oraingoz jarrera hori ordainaraziko dionik. Mariano Raxoiren gobernua ezartzen ari den erreforma oldearekin, Rubalcabak oposiziorako estrategia zehaztea du xede, eta ez dirudi Nafarroan fronte bat irekitzea inondik inora komeni zaionik.
Horrek ez du esan nahi lasai egoteko arrazoirik duenik Jimenezek. Gainbehera politiko betean da PSN. Iazko boto galerari Nafarroako Gobernuan egoteak eragiten dion higadura gaineratu behar zaio. Zuzendaritzak berak onartu egin du errealitate hori.
Alabaina, hor amaitzen da autokritika. PSNk bere gainbehera politikoa areagotzeko arrisku handia badu ere, Jimenezek azpimarratzen du PSNk gobernu barruan duen presentzia Raxoiren gestioari aurre egiteko «hesia» izan behar duela. Haren ustez, «jada agertzen hasi dira diferentziak PPk eta sozialistek gobernatzen duten erkidegoen artean».
Haren diskurtso politikoa PPren proposamenetatik aldentzera zuzenduta dago. Hartara, azken asteetan, lan erreformaren aurka eta grebaren alde azaldu da, murrizketak gaitzetsi egin ditu, pentsiodunei sendagaiak ordainaraztea kritikatu du... Haren arazo nagusia da gobernuko bazkide nagusia, UPN, erresistentziarik jarri gabe onartzen ari dela banan-banan neurri guztiok, eta komunikabideei emandako tituluetatik harago, Jimenezek oposiziorik ez dio azaldu UPNri.
Ekintzak eta diskurtsoa ez datoz bat, eta inkoherentzia hori hurrengo hilabeteetan sakondu egingo denez, PSNko zuzendaritzak txosten politikoan gobernutik ateratzeko argudioak aurreratu ditu. UPNrekin hitzartutako gobernu «akordioa betetzearen aldeko apustua» egiten du PSNk, baina argi uzten du akordioa betetzen ez bada norena izango den errua: «Beste batzuk izango dira errudunak, eta eurei eskatu beharko zaizkie ardurak».
Ezusteari oso tarte txikia utzita, Roberto Jimenez irabazle aterako da gaur, baina azken agintaldia izango du. Gaurko biltzarra trantsiziozkoa da, eta lau urte baino lehen egingo da hurrengoa, PSNri gehien komeni zaionean eta Rubalcabaren bedeinkapenarekin.
PSNren trantsiziozko biltzarra
PSNren X. biltzarra da gaur, eta ia ziurrenik Roberto Jimenez izendatuko dute berriro idazkari nagusi
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu