PSNri irabazi eta UPNren pare jartzea da Nafarroa Bairen helburua bozetan

Hauteskundeetarako hautagaien aurkezpena egin du Iruñean, eta hausturaren «irudi galera» onartu du

Parlamenturako eta udaletarako NaBaiko hautagai batzuk, atzo, Uxue Barkos eta Patxi Zabaletarekin. I. URIZ/ ARP.
joxerra senar
Iruñea
2011ko otsailaren 26a
00:00
Entzun
Irribarreak itzuli dira Nafarroa Baira. Urtarrilaren 28an, aurkezpen ofiziala egin zenean, EAk koalizioan jarraituko zuen edo ez argitzeke zegoen, eta, egoera nahasi haren ondorioz, aurpegi serioak antzeman zitezkeen koalizioko ordezkari nagusiengan. Hilabete beranduago, EA Nafarroa Baitik kanpo dago. Bi aldeek elkarri haustura leporatzen jarraitzen badute ere, egoera politikoa argitu egin da. Atzo, Parlamenturako eta udaletarako hautagaien aurkezpena egin zuen egungo NaBaik Iruñeko Casino Eslava elkartean, eta ilusioa erakutsi nahi izan zuten hautagaiek. Anbiziorik ere ez zaie falta.Patxi Zabaletaren irudiko, koalizioaren helburua da UPNri gailentzea, «edo behintzat haren pare jartzea».

Aurkezpenean, hala Zabaletak nola Uxue Barkos Iruñeko alkategaiak onartu dute hausturak «irudi galera» eta kostua eragin diela gizarteari begira. «Hala ere, abiatzeko garaia da, eta adore osoz eta itxaropen osoz abiatzen gara», aldarrikatu zuen Zabaletak. «Onerako izan ez diren uneak egon dira. Hori inoiz ez dugu ukatu, baina ez da iraganekoa gure errealitate bakarra», azaldu du Barkosek. Kideen lanerako eta eragozpenak gainditzeko ahalmena goraipatu du. «Ekaitz gogorrak eta kanpoko eraso argiak» gainditzeko gai izan direla aldarrikatu zuen.

Eskua luzatuta

Gainera, Patxi Zabaletak azpimarratu nahi izan du eskua luzatuta dutela. «Eskua luzatze horretan oso argi adierazi dugu gure arerio politikoa UPN eta hari laguntzen diotenak direla». Haren ustez, UPNren pare jartzeko gai badira, «PSNk ezin izanen du jarraitu orain arte bezala, bere hautesleriak ez diolako utziko». Hala, UPNren gobernua aldatzeko tenorean «mugarik gabe» eskaintzen dute eskua.

Nafarroako sektore abertzalearen barnean, hausturak etsipena sortu badu ere, Zabaletak uste du aldaketarako aukerak egon badaudela. «Zatikatze honek ez du esan nahi ordezkaritza txikiagoa atera behar denik». Haren ustez, hala egungo NaBaik nola EAk eta ezker abertzaleak lortu behar dute «boto bakarra ere ordezkaritza gabe ez geratzea».

Alde horretatik mezua igorri nahi izan die EAri eta ezker abertzaleari: «Behin eta berriz errepikatzen diegun mezua da gure arerio politiko bakarra UPN eta UPNrekin dagoena direla. Gure arerio horren aurka jokatuko dugu hautesleririk handiena eskuratu nahian, eta hauteskunde hauetan hori da gure apustu bakarra».

Gaur EAk hauteskunde eskaintza prestatzeko lehen bilera egingo du. Besteak beste, Maiorga Ramirez, Koldo Amezketa, Carlos Garaikoetxea eta Fermin Ziaurriz izanen dira bertan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.