PSOE eta EAJren akordioaren sakontasun falta kritikatu du PPk

De Andresen ustez, 2019an adostutakoaren «luzapen» bat da akordioa. Asensiok PPri leporatu dio sozialistak «izutu» nahi izatea

Javier de Andres, atzo egindako agerraldian, Gasteizen. ADRIAN RUIZ HIERRO / EFE.
Iosu Alberdi.
2023ko azaroaren 12a
00:00
Entzun
EAJrekin egindako akordioari esker, PSOEk eskuratuak ditu Pedro Sanchez alderdiko idazkari nagusiaren inbestidurarako beharrezko botoak. Gipuzkoako PSE-EEko idazkari nagusi Jose Ignacio Asensioren esanetan, akordioak egiteko duten gaitasunaren adibide bat gehiago da jeltzaleekin itundutakoa. EAEko PPko presidente Javier de Andresen ustez, baina, akordioak ez du funts handirik.

De Andresen iritziz, EAJk eta PSOEk sinatutako akordioa bi aldeek 2019an adostu zutenaren «berdina» da, orduan ere, besteak beste, eskumenen transferentzia eta estatutu berri baterako urratsak itundu baitzituzten. Hartara, Sanchezi emaniko «luzapen» gisa kalifikatu du tratua: «2025era arte atzeratu dute 2019an adostutakoa».

Hutsuneak eta zehaztapen faltak ere ikusi dizkio PPko kideak itunari. Hutsuneak, euskal Y-aren erreferentziarik ez dagoelako. Zehaztapen faltak, zenbait puntu nola beteko diren ez dakitelako. Horietako bat da Gizarte Segurantzaren kudeaketarena. De Andresen hitzetan, transferentziak berekin ekarriko luke urteko 4.300 milioi euroko defizita: «Ez zait negozio okerragorik okurritzen».

Horiek hala, gaurko PPk deitutako manifestazioetan parte hartzeko deia egin die herritarrei, baita Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluri ere. Aurrez, hark eskatu zien antolatzaileei horiek bertan behera uzteko, orain arteko protestek eragin duten iskanbila kontuan hartuta.

Asensioren esanetan, berriz, eskuinak eta eskuin muturrak Sanchez gobernuburu izango dela ez onartzearen ondorio dira mobilizazio horiek, eta sozialistak «izutzea» dute helburu. PSE-EEko kidea PPri mintzatu zaio zuzenean, eta emaitzak eta konstituzioa onartzeko eta betetzeko eskatu dio: «Herritarrek argi utzi zuten uztailaren 23an, eta adierazi zuten ez zutela PPren eta Voxen gobernu bat nahi».

Positiboa, baina ez nahikoa

LAB sindikatuak «pauso positibotzat» jo du EAJ eta PSOEren akordioak erkidegoetako hitzarmenen lehentasuna jaso izana, baina «ez da nahikoa» langile publikoentzat eta sektore prekarioetan lan egiten dutenentzat. Horiek hala, sindikatuak EAJri eta EH Bilduri eskatu die legealdi berrian erronkatzat hartzeko «euskal langileen lan baldintzak Euskal Herrian bertan erabaki ahal izatea». Hau da, «euskal langileen agendak» erdigunea hartzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.