Euskal Eskola Publikoaren Jaia

Publikoa, 30. aldiz babestua

Euskal Eskola Publikoaren Jaia ospatuko dute gaur, Mungian. Bestaren bitartez eskola publikoaren aldeko aldarria egitea da ekitaldiaren helburu nagusietako bat.

Euskal Eskola Publikoaren Jaiaren aurkezpena, Mungian. ARITZ LOIOLA / FOKU
Isabel Jaurena.
2023ko ekainaren 4a
09:19
Entzun

Puzgarriak, tailerretarako materialak, bozgorailuak eta mikrofonoak. Dena prest dago jada Euskal Eskola Publikoaren Jaia ospatzeko. Gaur izanen da, Mungian (Bizkaia). Ekitaldian, bat egiten dute bestak eta eskola publikoaren aldeko aldarrikapenek. Bertzeak bertze, eskola publiko euskalduna, kalitatezkoa, inklusiboa, laikoa eta solidarioa eskatzeko.

Ikusi gehiago:«Saiatzen gara nerabeak erakartzen; ez da erraza haiengana iristea»

Aurten, EHIGE Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Konfederazioa eta Mungialdeko ikastetxe guztietako guraso eta zuzendaritza taldeak aritu dira antolaketa lanetan. Hori baita jaiaren helburuetako bat: «Eskualdeko ikastetxe publikoen arteko harremana sendotzea». Iazko abenduan egin zuten aurtengoaren aurkezpena, eta bertan finkatu zituzten jaiaren gainerako helburu nagusiak: «Sare publikoan egiten diren egitasmoak erakustea, ikastetxeen aldarrikapenak kaleratzea, familiek eskolan parte hartzea bultzatzea, eta hezkuntza komunitateari kalitatezko jarduerak eskaintzea».

Ez dira helburu makalak, kontuan izanik jaiaren 30. aldia izanen dela gaurkoa. Antolatzaileek adierazi dutenez, urteurrenak bat egiten du «hezkuntzan lege aldaketa sakonak egiten ari diren garai batekin». Hala, haien erranetan, aldaketa prozesu hori «eskola publikoa sendotuz eta hedatuz amaitu behar da, euskal hezkuntza sistemaren ardatz bihurtu dadin».

Jagon eskola publikoa da aurtengo aldiaren leloa, eta hezkuntza publikoa izatearen garrantzia azpimarratzen du. Izan ere, Mungialdean erabiltzen duten jagon aditzak zaindu eta babestu erran nahi du. Jaialdiko iruditegiak, berriz, hezkuntza komunitateari egiten dio erreferentzia; zehazki, «Euskal Eskola Publikoa eraikitzen, babesten eta ospatzen duten familiei, ikasleei eta irakasleei». Hautatu duten diseinua «garbia, alaia eta koloretsua» dela erran dute; forma geometriko anitz eta hainbat koloretakoak erabili dituzte, Euskal Eskola Publikoa osatzen duten pertsonak irudikatzea helburu hartuta: «Forma eta pertsona independenteak, baina harresi edo sare gisa antolatuta Euskal Eskola Publikoa saretu, babestu, aldarrikatu eta ospatzeko prest daudenak». Xabat Agirre diseinatzaileak egin du irudia.

Iruditeria zabala

Jaiari lotutako iruditeria, baina, ez da forma geometrikoetara bakarrik mugatu. Izan ere, Mungiako institutuko hormetan ere irudiak egin dituzte Margolaritza eta Adierazpen Grafikoko ikasleek. Jaiko leloa marraztu dute batean, eta bertzearen bidez irudikatu nahi izan dute eskola publikoa guztien artean eraikitzen dela, eta guztiena dela.

Bideoklipa eta abestia, berriz, Bizkaiko STR taldeak egin ditu. Leloa izan dute inspirazio iturri: zaintzaren, babesaren eta laguntasunaren kontzeptuak, zehazki. Jagon du izena abestiak, eta, taldeak adierazi duenez, «hezkuntza publikoaren zaintza eta sustapena bermatzeko oihua da». Eskolan nahiz handik kanpo sortzen diren erlazioak «elikatzeari eta bermatzeari» abestu diote. Izan ere, Euskal Herrian «kultura eragile nabarmena» izan da euskara, eta hori zaindu beharra islatu nahi izan dute abestian.

Guztientzako jarduerak

Hiru gunetan sakabanatuta egonen dira jarduera guztiak: ikastetxe publikoak, Matxin plaza eta Torrebillela parkea. Lehenbiziko gunea eremu hauetan banatuko da: kirol pista, institutua, lanbide heziketa, eskola eta pabiloia. Bertan, Pirritx, Porrotx eta Marimototsen emankizuna, Goazen eta puzgarriak izanen dira etxeko txikienendako; nerabeentzat, grafiti tailerrak, fun riders –irristailuan ibiltzen erakusten duten ikastaroak– eta txalaparta tailerra egonen dira; horrez gain, kirol egokitua ere egonen da, eta 15:15etik aurrera Kilimak, STR eta Oxabi taldeen kontzertuak hasiko dira.

Matxin plazan ere umeendako zenbait jarduera egonen dira: Gora bihotzak! antzerkia, perkusio tailerra eta euskal mitologiari buruzko jolasak. Horrez gain, bertan izanen dira Mungiako memoria historikoa ezagutzeko ibilbidea, bertsoak, euskal dantzak eta folk musika. Torrebillela parkean, berriz, antzerkia, jolas kooperatiboak eta puzgarriak egonen dira. Kaleetan barna, gainera, ekintza andana izanen dira: Ondalan erraldoiak, batukada feminista, Eskola Publikoa Kantari eta artisauen azokak. Gure Platera, Gure Aukera guneak ere espazio propioa izanen du; helburua izanen da elikadurak dituen ondorio lokal nahiz globalak ikusaraztea. Arrantzaren sektorean jarriko dute arreta. Hala, Karmelo eta itsasoa antzezlana eginen dute batetik, eta txikienendako ginkana bat bertzetik.

Ekitaldia, baina, ez da gaurko egunera bakarrik mugatu. Atzo, Gure Platera, Gure Aukera gunean eztabaida bat egon zen, eta ikastetxe publikoen zatian, berriz, TOC eta Trikizio taldeen kontzertuak.

Janari txartelak eta materiala salgai egonen dira plazan eta eskola gunean. Bazkalordua bi ordukoa izanen da, 13:00etatik 15:00etara. Antolatzaileek adierazi dute jaira joateko garraio publikoa erabiltzea gomendatzen dutela, Bizkaibusek ordutegi eta zerbitzu bereziak eskainiko baititu. Halere, ibilgailu pribatuetan joatea erabakitzen dutenendako ere aparkalekuak prestatu dituzte: autoek Pradon aparkatu beharko dute, eta autokarabanek, berriz, Ferialen.

30. aldiz, beraz, ikasle, irakasle, guraso eta gainerako boluntarioak buru-belarri arituko dira lanean. Gainerakoen txanda da orain: umeak –eta ez hain umeak– puzgarrietan lagunak baino jauzi handiagoa egiten saiatuko dira, gurasoek bozgorailuetatik ateratako musikaz gozatzen ahalko dute, eta nerabeek aukera izanen dute grafitiak egiten eta irristailuan ibiltzen ikasteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.