Espainiako fiskal nagusi Candido Conde-Pumpidok mehatxu itxura duen mezu bat bidali zien atzo Eusko Alkartasunari, Alternatibari eta Herritarron Garaia plataformari, sortzeko asmoa duten subjektu politiko berriko hauteskunde-zerrendetan ezker abertzaleko kideak sartuz gero zerrenda horiek legez kanpo jarriko dituztela ohartaraziz. Gai honi lotuta ohiko egin den moduan, Espainiako fiskal nagusiak adierazpen politikoei heldu zien, epaileei dagokien egitekoa bere eginez.
Espainiako lurralde fiskalen bilera zuzendu behar zuen Conde-Pumpidok, atzo, baina aurretik kazetariekin bildu zen adierazpenok egiteko. Espainiako fiskal nagusiak baieztatu zuenez, Espainiako Auzitegi Goreneko 61eko aretoak Sortu alderdiaren legeztapena debekatu ostean, ezker abertzalea «legezkoak diren alderdietako hauteskunde zerrendetan bere hautagaiak filtratzen saiatzen ari da».
«Tamalez, legezko diren alderdi horiek ikusiko dute, Batasuneko kideei euren zerrendetan sartzen uzten badiete, euren zerrendak izango dira legez kanpo geratuko direnak», ohartarazi zuen Conde-Pumpidok.
Horri begira, ezker abertzalearen «balizko B edo C planei ahalik eta traba gehienak jartzeko» lanean dihardutela ere ziurtatu zuen Espainiako fiskal nagusiak.
ETAren eta Espainiako Gobernuaren 2006ko negoziazioen harira egunotan espainiar prentsan agertzen ari den informazioaz ere mintzatu zen Conde-Pumpido, eta gogor hitz egin zuen negoziazio haiei buruzko ustez ETArenak diren akten gainean: «ETAk dioen oro zaborra da, eta ez du batere sinesgarritasunik». Gaineratu zuen, fiskalek ezin dituztela beren baieztapenak oinarritu ETAk esandakoan. Dena den, fiskalak esan zuen poztu egin dela Sortu legez kanporatu izanaz, Fiskaltzak berak Sortu legez kanpo uzteko aurkeztutako informeak ustez ETArenak diren txostenetan oinarritu ziren arren.
Gorenaren autoaren filtrazioa
Espainiako Auzitegi Goreneko 61eko aretoko epaileek herenegun izenpetu zuten Sortu legezko egitea debekatzen duen epaiaren autoa, eta eguna eta ordua ere jarri zituzten auto hori aldeei ezagutarazteko: gaur, 13:00etan.
El Mundo egunkari espainiarrak, ordea, atzo bertan argitaratu zuen autoaren edukia bi orrialdetan. Eta, hori gutxi balitz bezala, autoaren 22 orrialde ere jarri zituen Interneteko gunean. Hain zuzen ere, 79. orrialdetik 101.era, Sortu legezkoegitea debekatzeko emandako epaiak oinarri hartzen duen «froga dokumentalaren» azalpena jarri dute sarean.
Sorturen legeztatze prozesua
Pumpido: «Ilegalizatu egingo ditugu Batasuneko kideak dituzten listak»
Ezker abertzalearen «balizko B edo C planei ahalik eta traba gehienak jartzeko» lanean dihardutela dio Espainiako fiskal nagusiak'El Mundo' egunkariak Sorturen aurkako Gorenaren epaiaren autoa filtratu zuen atzo
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu