NOBEL SARIAK

Puntu kuantikoen aurkitzaileek jaso dute Kimikako Nobel saria

Moungi Bawendik, Louis E. Brusek eta Alexei Ekimovek jaso dute saria. Aurkitu dituzten puntu kuantikoei esker garatu dira telebistaren pantailak eta LED bonbillak, eta minbiziaren aurkako kirurgia garatzen lagun dezaten espero da.

Gaur goizean banatu dute Kimika Nobel Saria, Stockholmen. CLAUDIO BRESCIANI/EFE
Maixa Utrera Puelles.
2023ko urriaren 4a
16:35
Entzun

Suediako Zientzien Errege Akademiak Kimikako Nobel saria eman die gaur Moungui Bawendi, Louis Brus eta Alexei Ekimov ikerlariei. Puntu kuantikoak aurkitu eta sintetizatu dituzte, eta, horri esker, elektrizitatearen eremuan zein medikuntzan erabilgarriak diren propietateak lortu dituzte.

Elektroiak biltzen dituzten nanokristalak dira puntu kuantikoak, eta telebisten pantailak eta led argiak garatzeko erabil daitezke haien propietateak. Pantailetan eta bonbilletan ez ezik, minbiziaren diagnostikoan eta tratamendu esperimentalean ere erabilgarriak izan daitezkeela ondorioztatu dute.

Alexei Ekimovek ikusi zituen lehenengo aldiz puntu kuantikoak kristaletan, 1981ean. Horiek argiaren edo elektrizitatearen bidez estimulatzean, elektroiek energia gehiago hartzen dute. Eta elektroiak hasierako egoerara bueltatzen direnean, puntu kuantikoek distira sortzen dute. Sortzen den argi horren kolorea nanokristalaren tamaina, konposizioaren eta formaren araberakoa da. Puntu kuantikoak manipulatzen ikasi zuten Brusek eta Bawendik, eta, epaimahaiaren iritziz, «aurrerakuntza garrantzitsua izan da, gainerako Kimika Nobel sariak bezala, nanomundua ezagutzeko».

Sari banaketan, galdera batzuk telefonoz erantzun ditu Bawendik, eta oraindik nanoteknologiaren «hastapenak» ikusten ari direla azpimarratu: «Irrikan nago ikusteko komunitate zientifikoak zer aplikazio aurkituko dituen etorkizunean».

Kimikako Nobel saridunak behar baino lehenago jakinarazi ditu Akademiak, ustezko filtrazio baten bidez. Prentsa suediarrak gaur goizean jasotako oharrean eman die erakundeak saridunen berri, epaimahaiak erabakia ofizialki hartu baino lehen, Dagens Nyheter egunkari suediarraren arabera. Johan Aqvist biokimikari eta Akademiako batzordeko presidenteak, ordea, informazio hori ukatu du Reuters agentzian, filtrazioa egin eta minutu gutxira: «Suediako Zientzien Errege Akademiaren hutsegitea izan da. Gure bilera 09:30ean hasten da, eta, beraz, oraindik ez da erabakirik hartu. Irabazleak ez dira aukeratu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.