Komunikazioa

Radio Franceko greba amaitu da, 29 egun igaro eta gero

France Bleu Pays Basque irrati elebiduneko langileek adierazi dute etorkizunean mobilizatzen jarraituko dutela, tokiko beste egoitzetako beharginekin batera.

urtzi urkizu
2015eko apirilaren 16a
21:55
Entzun

Gaur 13:00etan amaitu da ofizialki Radio Franceko greba mugagabea. Negoziazio epea hasiko da orain, bitartekari batekin, datozen bost urteetarako plana adosteko. Dena den, irrati publikoaren zuzendaritzak 300 langile baino gehiago kaleratzeko asmoa du. Aurten 21,3 milioi euroko defizita izatea espero du Radio Francek.

France Bleu Pays Basqueko langile batzordea, berriz, greba deialdiari amaiera emateko sindikatuek hartutako erabakiaren aurka azaldu da. Greba amaitzea onartu behar izan dute langileek, baina irratiko kide Iban Etxezaharretak iragarri du mobilizatzen segituko dutela. "Saiatuko gara France Bleuko irrati guztien artean mobilizazio egun komunak antolatzen". Baionan Urdin Euskal Herri izeneko elkartea sortzea ere pentsatzen ari dira, "entzuleekin batera ekitaldiak antolatu eta aldarrikapenak plazaratzeko".

France Bleu Pays Basqueko langileak kezkatuta daude, arratsaldeko tokiko emankizuna ken dezaketelako. Arratsaldero 45 minutuko magazin bat egiten dute euskaraz, baita bost minutuko elkarrizketa bat ere. Goizetan, zuzeneko berrisailak ere entzun daitezke euskaraz. Baionako egoitzan 30 langile aritzen dira lanean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.