Rafa Diez espetxetik irteteko data aurreratzeko eginiko eskaera atzera bota du Espainiako Auzitegi Gorenak. Zigor Kodean iaz sartutako artikulu bat baliatu nahi zuen zigorra aste batzuk murrizteko. Azkenean, osorik bete beharko du.
Abuztuaren 17rako dauka jarrita irteera data. El Duesoko espetxean (Santoña, Kantabria, Espainia) dago preso. Bateragune auzian zigortu zuten Diez; sei urte eta sei hilabeteko zigorra ezarri zioten.
Epaimahaiko bost epaileetatik lauk babestu dute Juan Saavedrak idatzitako ebazpena; beste batek —Jorge Alberto Barreirok— boto partikularra kaleratu du, Diezen eskaera babestuz.
Ebazpenenean epaileek diote Diezi ezin zaiola ezarri Zigor Kodearen 579 bis 4 artikulua. Horrek dio erabilitako bitartekoak eta eragindako ondorioak "objektiboki larritasun txikikoak" direnean, zigorrak gradu bat edo bi jaits daitezkeela.
Epaileek azaldu dute Diezek indarkeria erabili ez arren, ETAko kide gisa zigortu zutela eta hori dela-eta ezin dela esan loturarik ez duela orduan jardunean zen erakunde armatuaren ekintzekin; “politikoekin”, zehaztu dute ebazpenean.
Era berean, epaimahaiak dio Gorenak zigorra murriztu egin ziola Diezi, helegitea jarri zuenean Auzitegi Nazionalak ezarritakoaren aurka —10 urtekoa—. Epaileek diote orduan frogatuta geratu zela Diez, ETAko kidetzat jo arren, ez zela ETAko buruzagitzakoa, eta hori kontuan hartuta murriztu ziotela zigorra.
Barreiro epaileak, aldiz, bere boto partikularrean azpimarratu du Diezek bere jardun politikoan indarkeriazko ekintzarik ez burutzeaz gain, lagundu egin zuela “borroka armatuaren sakonean dagoen arazori irteera politiko bat bilatzeko”. Hori kontuan hartu beharko litzatekeela dio, eta zigorra murriztu.