Rafael Bengoa: «Derrigorrez baino ez ditugu neurriak indarrean jarriko»

Eusko Jaurlaritzak ez du ezarri Espainiako dekretua; farmazietan nahasketa izan da kanpokoei kobratzeko

Erredakzioa
Bilbo
2012ko uztailaren 3a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzak ez du botikak berriz ordaintzeko dekretua ezarri. Osasun sailburu Rafael Bengoak argi utzi du, gainera, ezartzeko asmorik ez duela. Espainiako Gobernuak onartu dekretuari aurre egiteko bertze dekretu bat adostu zuen Eusko Jaurlaritzak joan den astean. «Derrigorrez baino ez ditugu botikak berriz ordaintzeko neurriak indarrean jarriko. Espainiako Auzitegi Konstituzionalak gure dekretua behin-behinekoz bertan behera utzi, eta behartzen bagaitu baino ez ditugu neurriak ezarriko».

Bengoak nabarmendu du dekretuaren helburua dirua aurreztea baldin bada bertze modu batera egin daitekeela. Eusko Jaurlaritzak martxan jarritako osasun arloko neurrien artean aipatu ditu, adibidez, botika generikoak banatzea, gaixo kronikoen arretarako sistema egokitzea eta soldatak izoztea.

Egun, Osakidetzaren osasun txartela dutenen artean, %30,6k ez luke botikengatik deus ordaindu beharko, Espainiako dekretua ezarriko balitz. Haietako 88.400 dira diru saririk ez duten langabetuak. Osakidetzak ezagutarazitako datuak dira horiek. Argitu dute, hala ere, orain arteko sistemak indarrean jarraitzen duela. Hau da, pentsiodunek ez dute deus ordaindu behar; eta pertsona aktiboek, berriz, %40.

Osakidetzako txartela dutenek dekretu berriak ezarritako baldintzen arabera ordaindu beharko dituzte botikak, hala ere, Araba, Bizkai eta Gipuzkoatik kanpo erosten badituzte. Dirua berreskuratu ahal izanen dute gero.

Prestatu gabe

Araba, Bizkai eta Gipuzkoatik kanpokoek, halaber, errentaren araberako sistemaren arabera ordaindu behar dituzte sendagaiakherrialde horietan, igandeaz geroztik. Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako botiketan, hala ere, nahasketa eragin dituzte Espainiako dekretuak ezarritako neurriek lehendabiziko egunotan. Farmazia anitzetan, informazio eza salatu zuten igandean, Espainiako dekretua indarrean jarri zen lehen egunean. Botikariek ez zuten argi, adibidez, herritar bakoitzari zenbat kobratu behar zioten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.