Rajoyk ez bezala UPNk «gardentasunez» jokatzen duela goraipatu du Barcinak

Barcinak dioenez, Rajoyk azalpenak eman behar ditu kongresuan, parlamentuan CANi buruz egin duen bezala

joxerra senar
Iruñea
2013ko uztailaren 18a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Batzuetan, politikan isilik egoteadohain bat izan daiteke. Ez da Yolanda Barcina Nafarroako lehendakariaren kasua. Espainiako eskandalu politikorik handienaren aurrean, harro-harro bere burua altxatu eta gomendioak ematen hasi zaio Mariano Rajoy Espainiako presidenteari. Izan ere, Barcenas auzia-z galdetuta, Barcinak kezkagarritzat jo du kongresuan Rajoyk azalpenik ez ematea. UPNk Nafarroako Kutxarekin bestela jardun duela azpimarratu du: «UPN alderdi gardena da, leiala, bere konpromisoak betetzen ditu, eta informazioa ematen du».

Informazioa ematearen kontzepzio berezia du Barcinak. Azken finean, parlamentuan minutu eskas batzuk besterik ez zuen eman Yolanda Barcinak 2002tik 2012rako Nafarroako Kutxaren gestioari buruz azalpenak ematen. Gainera, agerraldi horietan bere tesia izan da aurrezki kutxaren gobernu organoetan gizarte osoko ordezkariak egon zirela eta, hortaz, ezin zaiola hari ardura osoa pasatu.

Haatik, Barcinak ez du atsegin bi auziak alderatzea. Hain zuzen ere, PPk Barcina eta UPNren jarrera «zinikotzat» jo ditu, Espainiako Gobernuari gardentasuna exijitzen dion bitartean Nafarroan aurrezki kutxaren inguruko ikerketa batzordea ukatzen duelako. Barcinaren arabera, bi kasuek ez dute erlaziorik. «Haiek ez dute bere hitza bete; guk, aldiz, bai. Parlamentuan informazioa eman dugu, nahiz eta argi utzi behar den kasu batek edo besteak ez duten erlaziorik».

PSOEk iragarritako zentsura mozioa kritikatu du. Haren ustez, ez du zentzurik, ez baita aurrera aterako. Nafarroan apirilean Bilduk aurkeztutakoa gogoan hartu du, eta aipatu du «keinu politikoa» baino ez zela izan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.