Euskara

Ramon Etxezarreta izango da Eusko Jaurlaritzako hizkuntz politikako arduradun berria

PSE-EEko kideak 'uztarria.com'-i esan dio "orain ezin" duela albistea baieztatu eta hurrengo astean aterako dela buletin ofiziala. Patxi Baztarrika (EAJ) ordezkatuko du. Donostiako eta Azpeitiko zinegotzi izana da, eta gaur egun hiriko Kultura ordezkaria da. Blanca Urgell izan daiteke Kultura sailburua.

uztarria.com, berria.info
2009ko apirilaren 29a
18:53
Entzun
Ramon Etxezarreta (Urrestilla, Azpeitia; 1954) PSE-EEko kidea izango da Eusko Jaurlaritza berriko Hizkuntz Politikarako sailburuorde berria, gaur El Diario Vasco egunkariak argitaratu duenez. Uztarria.com Azpeitiko webgunea Etxezarretarekin harremanetan jarri da gaur goizean eta honek adierazi du "orain ezin" duela albistea baieztatu. "Hurrengo astean irtengo da buletin ofizialak", esan du.

PSE-EEk eta PPk Jaurlaritzarako akordioa lortua dute eta Patxi Lopez PSE-EEko idazkari nagusia izango da lehendakari berria -orain arte beti EAJko kidea izan da Jaurlaritzako buru-. Maiatzaren 5ean egingo dute inbestidura saioa, baina PP ez da gobernuan sartuko.

2005etik Patxi Baztarrika (EAJ) da Jaurlaritzako hizkuntz politikako arduraduna. Hain zuzen, Etxezarreta eta biak elkarrekin egon ziren Donostiako Udalean, zinegotzi modura, bakoitza bere alderdian. Biak, ordea, garai batean Euzkadiko Ezkerra (EE) alderdiko kide izan ziren.

Hizkuntz Politikarako Sailburuordetza, Kultura Saileko parte da eta, El Diario Vasco-ren arabera, Blanca Urgell izango da Kultura sailburu berria. Urgellek gaur BERRIA.INFOri azaldu dio ez dagoela "ezer" horretaz.

Euskara batzordeburu izana Donostian

Etxezarreta 1995etik 2007ra arte izan zen Donostiako zinegotzi, eta duela bi urtetik hango Udaleko Kultura ordezkaria da. 1994an afiliatu zen PSE-EEn; "Ramon Jauregik hauteskunde autonomikoak galdu eta hurrengo egunean, eta ez irabazi eta hurrengo egunean", zioen Etxezarretak berak Uztarria herri aldizkarian 2002an egindako elkarrizketan. "Egia da pixka bat lehenago manifestu baten babesa azaldu nuela, baina artean pasatzeke nintzen alderdira, ez nintzelako Euskadiko Ezkerrako konbergentziarekin pasatu. Jauregiren politika baskista ikusita afiliatu nintzen alderdi sozialistan, ni bezalako jendearen laguntzaren premia orduantxe zuelako alderdi honek".

Kultura eta Euskara Batzordeko arduraduna izan zen Donostiako Udalean, eta hiriko hizkuntz normalizazioaren politikak abian jarri zituen. Bestetik, Egunkaria-ren itxieraren (2003) kontra idatzi eta manifestazioan parte hartu zuen.

Azpeitian ere izan zen hautetsi: 1979tik 1987ra, EEtik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.