Real Madril-Bartzelona futboleko Txapeldunen Ligako finalerdietako joanekoak %44,3ko ikusle kuota izan zuen atzo ETB1en EAEn; 353.000 lagunek ikusi zuten Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Hala, 2005etik ETB1en ikusle kuotarik handiena izandako emanaldia izan da. Athleticek eta Realak 2005eko apirilaren 9an jokatutako derbiak %45,6koa izan zuen.
ETBk emandako datuen arabera, EAEn eta eragin esparruan 524.000 lagunek jarraitu zuten atzoko partida bere katean.
Euskal Telebistak aurreko denboraldian lortu zituen Txapeldunen Ligako eskubideak, eta horri esker partida batzuetan oso datu onak lortu ditu. Esate batera, iaz Bartzelona-Inter finalerdiak %40,9koa eduki zuen (345.000 ikus-entzule).
Datorren asteazkenean ETB1ek Manchester United-Schalke 04 finalerdiko itzulikoa emango du.
Finala maiatzaren 28an jokatuko da, Londresen, eta Hego Euskal Herrian ETB1 eta La1 kateetan ikusi ahal izango da da. Ipar Euskal Herrian ETB1en eta TF1en.