Philippe Rey Pirinio Atlantikoetako prefetak bere aulkia utzi beharko dio Xavier Ceccaldiri. Frantziako ministroen batzarrak atzo erabakitako prefeta postuen birmoldatzeari lotua da aldaketa. Ceccaldik Drome departamenduan zeukan kargu bera, eta Reyk oraindik ez daki zein prefeturatan izendatuko duten.
Prefet batzuek isilean iragaten dute beren pasaia, baina Reyk, 2008an Pirinio Atlantikoetara etorriz gero, usu bere buruaz mintzarazi du. Alde batetik, papergabeen kanporatzeko hartu ordenantzekin. Albaniar, txetxeniar edota komoretarren kontra behin baino gehiagotan agindu ditu kanporaketak. Maurice Papon nazien kolaborazionista ohiarekin konparatu zuten sei pertsona auzipetu zituen. Iazko urrian auzitara jo zuen berriz, Billereko Udalaren aurka, kanporatutako papergabeei elkartasuna adierazten dien fresko bat pintatzeagatik.
EHLG ez zuen gustukoa
Nola ez aipa Euskal Herriko Laborantza Ganberari buruz ukan duen joera. 2005ean elkartearen aurka abiatu bide juridikoa, eta hainbat eragileri igorri hamaika gutunak, elkartearekin lan ez egitea agintzen zietela. 700 bat orriko Liburu beltza plazaratu zuen EHLGk urte hasieran, Frantziako administrazioak egin erasoak azaltzeko. Iazko martxoan Baionako Auzitegiak eta aurtengo maiatzean Paueko Dei Auzitegiak erabat zuritu zituzten EHLG eta Mixel Berhokoirigoin lehendakaria.
Batera plataformak euskal lurralde elkargoari buruz antolatu herri galdeketa ere ez zuen gustuko ukan. Ipar Euskal Herriko auzapezei gutuna bidali zieten galdeketaren antolaketan ezin zutela parte hartu errateko eta antolatzaile baldin baziren «kargua galtzeko arriskua» zutela ohartarazteko.
Rey prefeta badoa, eta Ceccaldik hartuko dio lekua
Papergabeei begira eta EHLGri buruz zuen joerak Euskal Herrian zein Biarnon ezagun bihurtu zuen Rey
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu