Sanferminak

Riau-riauan atxilotutako gaztea gaur edo bihar eramango dute epailearen aurrera

Enrique Maia Iruñeko alkateak gogor egingo dutela horren kontra iragarri du

2012ko uztailaren 9a
09:23
Entzun

Nafarroako Justizia Epaitegi Goreneko iturrien arabera, gaur edo bihar eramango dute epailearen aurreran aurtengo riau-riauan izan ziren istiluengatik atxilotutako gaztea. Enrique Maia Iruñeko alkatearen arabera, istiluak eragin zituen pertsona da atxilotutakoa. Agintaritzaren kontrako erasoa eta ordena publikoa nahastea leporatzen diote.

Gaztea atzo atxilotu zuten. Maiak gaineratu du ostiralean gertatutakoa ez dela zigorrik gabe geratuko, eta gogor jokatuko dutela iragarri du. "Justiziak erabakiko du, baina guk dena emango dugu, herritarrak ordezkatzen ditugulako eta herritarrak gertatutakoagatik minduta eta harrituta daudelako. Seguru denek jakin nahi dutela zein izan zen arduraduna".

Polizia bideoak ikusten ari da gertatutakoa ikertzeko.

Eskerrak, bozeramaileen batzordeko kideei

Riau-riaua berreskuratzear izan zen ostiralean, baina udaletxeko plazan izan ziren istiluengatik bertan behera utzi zuten. 1991an eten zen riau-riaua, eta 1996an berreskuratzeko saioa ere bertan behera geratu zen. Maiak esan du ostiralean minutu gutxi batzuetan izan bazen ere, Astrainen valsa alkate gisa eta galaz jantzita entzun ahal izan zuela, eta horrek gogobetetzen duela.

 

Maiak eskertu egin du Udaleko bozeramaileen batzordeko kideen prestutasuna, egoera elkarrekin baloratzeko. "Bertan behera uzteko erabakia gure nahiaren kontra hartu nuen, baina ez zeuden riau-riauarekin jarraitzeko baldintza onak, ez baitziren lau bakarrik istiluetakoak, antolakuntza oso bat baizik".

"Jende zintzoa, amorratuta"

Uztailaren 7ko prozesioaz esan zuen zoragarria izan zela, Kuria kaleko igoeran izan ezik. "Betikoek egin behar ez dutena egitera ateratzen dira Kuria kaleko igoeran, baina zoragarria izan zen gainerakoan, gogoratzekoa. Bezperan gertatutakoaren ondoren, jende zintzoa amorratuta zegoen, eta sanfeminetako gogoz; beti da hori momentu errepikaezina".

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.