Murrizketak. Eragina EHUn. Iñaki Goirizelaia. EHUko errektorea

«Rol instituzionala bete behar dut nik; beste lan batzuk besteei dagozkie»

Neurri murriztaileak hartu beharko dituztela esan die errektoreak EHUko irakasleei. Uste du oso litekeena dela protestak izatea.

MONIKA DEL VAALLE / ARGAZKI PRESS.
Garikoitz Goikoetxea.
Donostia
2012ko maiatzaren 18a
00:00
Entzun
Mozketak ahalik eta gutxien eragiteko ahaleginean, baina Madrilek agindutakoak bete beharraren artean. Horrela ari da azken asteak bizitzen Iñaki Goirizelaia, EHU Euskal Herriko Unibertsitateko errektorea (Bilbo, 1958). Gutun bat igorri zien herenegun irakasleei; jakinarazi zien irailean ezetz, baina 2013-14ko ikasturtean ezarri beharko dituela murrizketa neurriak, «ezinbestean». Ez du ziurtatu, gainera, ordura arte murrizketarik izango ez denik. Ez du ezkortasuna agertu nahi, hala ere; nahiago du arduraz hitz egin.

Gutunaren erantzunik jaso duzu?

Heldu dira batzuk, bai. Ez ditut denak irakurri, baina uste dut gutunak erantzun ona eduki duela.

Irakasle batzuen kexuak izan dira. Intsumiso jokatzeko eskatu dizute.

Bakoitzak bere rola du. Errektoreari dagokio instituzio bat kudeatu eta aurrera eramatea. Instituzioak instituzioak dira, eta nik rol instituzionala bete behar dut. Beste pertsona batzuei dagokie beste lan batzuk egitea. Berea egin behar du bakoitzak, eta ondo.

Protestarik espero duzu? Grebarik?

Ez dakit zer gertatuko den hurrengo hilabeteetan, egunetik egunera gauzak aldatzen direlako. Baina posible izan daiteke protestak egotea. Ez bakarrik unibertsitatean, baizik eta handik kanpo ere bai. Oso posible ikusten dut.

Logiko, bidezko ikusiko zenituzke?

Askotan esaten dut protestatzea oso inportantea dela munduan. Galderak egitea, jarrera kritikoa agertzea... Horrek beti laguntzen du. Mundu akademikoan kontrastea egotea, iritzi desberdinak plazaratzea, iritzien arteko eztabaidak sortzea behar-beharrezkoa da aurrera egiteko. Nik oso ondo ikusten dut. Berriro diot: bakoitzari dagokio bere lana egitea.

Irakasleek bidalitako gutunean aipatu duzu 2013-14ko ikasturterako sistema berria egin beharko dela EHUn. Horrek esan nahi du 2012-13an ez dela murrizketarik izango?

Badaude baldintza batzuk. Lege dekretu horretan esaten da dekretua garatu egin behar dela. Ez dakit hori gertatuko den edo ez. Baina, dekretua garatzen bada, ikusi beharko dugu zer den ministroak egiten duena eta zein eragin mota daukan gurean. Baldintza hori hor dago. Beste bat da aurrekontua. Guk aurten aurrekontu bat badaukagu onartuta; aurrekontu egokia dela uste dut, gure unibertsitatearen planifikazioa aurrera eraman ahal izateko. Baina urtarriletik aurrera beste aurrekontu bat eduki behar dugu; hori ere negoziatu beharko da. Uste dut negoziatuko dugula eta aurrera aterako dugula. Baina baldintza bi horiek mantendu behar dira: aurrekontua eta errege dekretuaren garapena.

Wert ministroak zeresan handia jarri du bere adierazpenekin: kobratu bai baina ez dutela ikertzen irakasleek, ikasle gehiegi dagoela unibertsitatean, unibertsitate gehiegi dagoela... Zer dio EHUko errektoreak?

Nik uste dut unibertsitatea gakoa dela herri batean; unibertsitatea nola, herria hala. Unibertsitate on bat egin behar dugu. Gurea ona da, gero eta hobea. Hori esanda erantzun dut. Gure unibertsitatea ona da; gure unibertsitatean ikerketa egiten da; gure unibertsitatean ikasle asko dauzkagu, baina ikasle horiek amaitzen dute karrera eta hasten dute ibilbide profesionala modu egokian. Herri hau zerbait bada, neurri handi batean da unibertsitatean sortutako profesionalei esker. Hori guztia zalantzen jarri baino lehen eta horrelakoak esan baino lehen, uste dut pentsatu egin behar dela.

Karrerek errentagarriak izan behar dutela esan du ministroak. Gutxienez 50 ikasle izatea nahi du. Horrek aldaketa ekarriko luke EHUra.

Hori ikusi egin behar dugu, ez baitakigu hala izango den. Unibertsitate bakoitza diferentea da. Gu gara EAEn dagoen unibertsitate publiko bakarra. Euskara hizkuntza ofiziala da gure unibertsitatean, eta hori ez da gertatzen beste inon. Gure baliabideak direnak dira. Gure egoera ekonomikoa ona da. Hortaz, ezin dituzu neurri horiek aplikatu baldintzak horiek buruan izan gabe. Oso inportantea da bakoitzaren berezitasunak kontuan hartzea. Gure unibertsitatea herri konkretu batean dago; lan egiten du ikerketan, irakaskuntzan eta euskal kulturan. Baldintza horiek kontuan hartuta, diseinatzen ditugu gure graduak, ikerketa estrategiak, erantzukizun sozialak... Nire ustez, zenbaki bat ematea kontuan hartu barik gure unibertsitatearen berezitasunak, ez da modu logikoena eskaintza bideragarri izateko.

Zenbait ingeniaritza gradu batu egingo dituzuela zabaldu dute.

Unibertsitate batek egiten duen eskaintza beti aztertu behar da, eta, beharrezkoa bada, egokitu. Orain gutxi martxan ipini genituen gradu berri guztiak; hor daude graduondokoak eta doktoretza programak ere. Oso zabala da gure eskaintza, eta erantzun behar dugu benetan gizarteak behar duena buruan edukita. Egokitu behar bada zerbait, egokitu egingo dugu.

Kargua hartu berritan, adierazi zenuen 2015erako EHU munduko 500 onenen artean izango zela. Egoera honetan, eusten diozu horri?

Bai. Ikusiko dugu laster.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.