Giza Eskubideen Euskal Herriko Behatokiak jakinarazi du Roke Mendez Villadaren familiak kalte ordaina jasotzeko espedientea aurkeztu duela Memoria Demokratikoari buruzko Espainiako 20/2022 Legearen azken aldaketaren ondoren. Mendez Villada polizia frankistak hil zuen, 1974ko maiatzaren 20an Hondarribiko Asturiaga hondartzan (Gipuzkoa) egindako segada batean. Han hil zuten, era berean, Jose Luis Mondragon Elorza. Bi gazteak ETAn aritu ziren, baina erakunde armatutik aparte zebiltzan ordurako, Ipar Euskal Herrira ihes egin eta gero. Nahiz eta ez dagoen argi zergatik, egun hartan Donibane Lohizunetik (Lapurdi) Hondarribirainoko bidea egin zuten txalupa motordun batean, Jose Luis Arrondo Cocoliso-rekin batera; gerora jakin zen hura Poliziaren isil-mandatari bat zela.
GEBehatokiak azpimarratu du polizia frankistaren biktimek kalte ordaina eskuratzeko modua ematen duen lege aldaketa biktimen familien ekinari esker atera dela aurrera; zehazki, Manuel Jose Garcia Caparros malagarraren (Espainia) familiaren ekinari esker; 1977ko abenduaren 4an hil zuen hura Poliziak, manifestazio batean.
Halaber, GEBehatokiak adierazi du Jose Luis Mondragon Elorzaren familiak ere aurkeztu duela senidearen kasua Eusko Jaurlaritzan, errekonozimendua eta erreparazioa lortzeko, estatu indarkeriaren biktimen 12/2016 legean oinarrituta. 2023an, Roke Mendez Villada aitortu zuten lege horren beraren bitartez. Hala, eskaera egiteko epea berriro ireki eta aitortza eta erreparazioa lortu arteko itxaron zerrendan dago hura, beste 350 biktima bezala.
NBEren salaketa
GEBehatokiak bultzatuta bi familia horiek aurkeztutako kereilek aurrera jarraitzen dute Irungo epaitegian, «gertakariak egoitza judizialean argitzeko eta, hala badagokio, Poliziaren egiletzaren inguruko ikerketa egiteko». Nazio Batuetako lau kontalarik «Espainiari belarrietatik tira egin ondoren» plazaratu da kereila hori, GEBehatokiak esan duenez. Izan ere, 2026ko otsailaren 18an Espainiako Gobernuari bidalitako komunikazio ofizial batean, NBEren zenbait adituk kezka larria adierazi zuten «ikerketa judizialik ez delako egin diktadura frankistan eta trantsizioan egindako krimenengatik Espainiako auzitegietan tramitatutako hemezortzi kasutan».
Edonola ere, Memoria Demokratikoari buruzko Espainiako 20/2022 Legearen azken aldaketa kritikatu du GEBehatokiak; aldaketa, edo aldaketarik eza. Izan ere, jakinarazi du ezarri berri dituzten neurriek «bestelako muga eta diskriminazioak» ekarri dituztela, eta, berez, helburua zela giza eskubideen urraketa larrien biktimei laguntza emateko nazioarteko araudia egokitzea. «Eta ez da halakorik egin».Â
Martxo hasieran Espainiako Ministro Kontseiluak errege dekretu bat onartu zuen estatu indarkeriaren biktimei aitortza eta kalte ordaina eman ahal izateko. Alegia, ordura arteko legea aldatzeko. GEBehatokia, baina, ez dago konforme orain arte erakutsitakoarekin, eta salatu du behin ordaina handitzeko borondatea adierazi izanagatik «berehala» ezarri dizkietela mugak «biktima onuradunei». Ez hori bakarrik: haren irudiko, zabaldu egiten du biktimen arteko arrakala, eta, beraz, biktima batzuentzat bakarrik izango da onuragarri. «Aldaketa bakarra izan da, kalte ordainak ematea, baina ez zaizkie denei emango, eta ez denei modu berean».
Nor, noiz eta zenbat
Hiru arrakala nagusi ikusten dizkio GEBehatokiak lege aldaketa horri: kasuak onartu ahal izateko ezarri den epealdia, biktimatzat aitortua izateko jarritako irizpideak, eta, azkenik, kalte ordaina.Â
Hain zuzen ere, 1968ko urtarrilaren 1etik 1978ko abenduaren 29ra bitartean gertatutako kasuak soilik hartuko ditu kontuan legeak. Eta horren harira egin du galdera GEBehatokiak: «Data arbitrario horren aurretik eta ondoren ez zen eskubiderik urratu?». Eta adibide gisa jarri ditu, erraterako, Maria Mercedes Antxeta, Meliton Manzanasek  1961ean torturatua, eta 1980an Alonsotegiko Aldana tabernako atentatuan hildako lau bizilagunak. «Horrela funtzionatzen du honek: epez kanpoko kasuak zigor demokratikorik gabe uzten dira».Â
Bigarren arrakala: zer irizpideren arabera emango zaion aitortza biktima bati eta beste bati ukatu. Zehazkiago, GEBehatokiak esplikatu du legeak askatasunaren eta demokraziaren alde borrokatu zuten pertsonak «aintzatetsi» nahi dituela, baina berariaz baztertzen dituela «frankismoaren aurka armen bidez borrokatu ziren boluntarioak».
Espainiako Memoria Demokratikoaren Legearen arabera legez kanpokoa da Francisco Francoren erregimena, eta, beraz, baita haren auzitegi militarren epaiak ere. «Hala ere, terroristatzat hartzen dira tirania frankistaren aurka armen bidez askatasunaren alde borrokatu zirenei». Horregatik da hain garrantzitsua, haren ustez, giza eskubideak babestea, herritarrak «tiraniaren eta zapalkuntzaren aurka matxinatzera behartuta egon ez daitezen».Â
Hori guztia kontraesana da GEBehatokiarentzat, ez baitu ulertzen zergatik baztertzen diren «frankismoaren izuaren erregimena eraisteko» lan egin zutenak. Eta, hain justu, Roke Mendezen kasuan ikusten du argien kontraesan hori. Iazko ekainaren 16an jaso zuen Mendezen familiak Espainiako Gobernuaren aitorpen eta erreparazio pertsonalerako dokumentua, zeinetan, nagusiki, frankismoaren biktima gisa aitortzen zen Mendez. Ebazpen horrek legez kanpokotzat jotzen du Mendez epaitu zuen auzitegia, baina, kurioski, hark ez zuen sekula epaiketarik izan. «Kasu horretan, ebazpen judizialak eta administratiboak polizia frankista ikertzeko eginbideak ziren, eta ebazpenak deuseztatzen badira, kereila bultzatu beharko lukete». Beste bi zalantza piztu zaizkio jarraian: «Zein izango da Espainiako Gobernuaren jarrera? Ontzat emango du kontakizun frankista? Edo Memoria Demokratikoaren Legearen alde egingo du, eta dagozkion eskubide guztiak emango dizkio Mendezi?».
Kalte ordainari dagokionez ere, «tranpa» bat ikusten du errege dekretuan. Legeak idatzita azaltzen duenez, onuradun bakoitzak 250.000 euroko kalte ordaina eskuratu dezake, eta lehendik parte bat jaso baldin badu, jasotako kopurua kendu egingo zaio. Alabaina, dirua eskuratu den egunetik aurrera, jasotako parteari aitortutako balioa handitu egingo da, eta hortxe dago arazoa. «Lege horretara jotzeko eskubidea duten euskaldun askok 135.000 euroko kalte ordaina jaso zuten 2010ean. Kontuan hartuta ordutik hona %57,5 inguru igo dela kopuru horren balioa, 135.000 jaso dituenari 212.625 euro hartzen zaizkio kobratutzat».Â
GEBehatokiak azpimarratu du legearen gainean egin diren aldaketak «erabat baztertzaileak» direla, eta lanean jarraituko dutela Espainiako Estatuaren biktima guztien giza eskubideen defentsan.