politika

"Rubalcaba eta Alliot Marie, zer egin duzue Anzarekin?", galdetu du ezker abertzaleak

Batasunak, Askatasunak eta LABek euskal militantearen desagerpena "gerra zikina" dela nabarmendu dute. Anzaren senideak ere izan dira Baionako agerraldian.

2009ko uztailaren 18a
15:09
Entzun
"Zer egin duzue Jon Anzarekin?". Horixe galdetu dute gaur Jon Anza militanteaz (Donostia, 47 urte) ezker abertzaleko hainbat erakundek, Baionan egindako aurkezpenean. Frantziako eta Espainiako gobernuei azalpenak eskatu dizkiete Batasunak, Askatasunak eta LABek, baita Anzaren senideek ere, eta kasua "gerra zikina" dela azpimarratu dute.

"Orain arte 'zer pasatu zaio Joni?' galdetzen genuen. Orain Alfredo Perez Rubalcabari [Espainiako Gobernuko Barne ministroa] eta Michele Alliot Marieri [desagerpenaren garaian Frantziako Barne ministro] galdetzen diegu: 'Zer egin duzue Jonekin?'", esan du Xabi Larralde Batasuneko kideak. Rubalcabak orain aste batzuk zioen Espainiak ez duela ezer ikustekorik desagerpenarekin.

Joan den apirilaren 18tik dago desagertuta Ahetzeko (Lapurdi) bizilaguna. Egun hartan neska-lagunak Baionako tren geltokira lagundu zion, eta hantxe ikusi zuen azkeneko aldiz. ETAk duela aste batzuk jakinarazi zuen bere militantea dela Anza, apirilaren 18 hartan hitzordua zeukala Okzitaniako Tolosan, baina ez zela azaldu.

1982tik 2002ra artean preso egon zen Anza, ETAko kidea zela leporatuta. Azkeneko urtean buruko gaixotasun bat du, eta ikusteko arazo handiak dauzka.

Maixo Pascassio neska-lagunak gaur Garan salatu du bere ustez "izaera politikoko bahiketa" dela kasua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.