Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Gobernuko lehen presidenteorde, bozeramaile eta Barne ministroak adierazi du "ezker abertzalearen eta ETAren arteko bereizketa nabaritzen hasi" direla, eta uste du "desadostasunaren hastapen horrek demokraziarentzat egundoko abantailak" dauzkala.
Espainiako Estatuko gizartea "[ETAren] terrorismoaren bukaerakjo bidea" egiten ari dela dio Rubalcabak, eta gaia "ondo bideratuta" dagoela, "nahiz eta ezin den ezer ziurtzat jo". ETAren amaiera lortzeko asmoz, egungo politikarekin jarraituko du gobernuak, ministroaren arabera. Ez du uste, ordea, ETAk indarkeria utzi duela esanez sekula agiririk aterako duenik. Bartzelonan egin ditu adierazpenok Rubalcabak, gaur arratsaldean.
Aste honetan ezker abertzalea eta Sortu alderdia Frantzian asteburuan izandako tiroketaren aurka azaldu dira. Ezker abertzaleak astelehenean prentsa ohar baten bidez zioen "ulertezina eta onartezina" izan dela tiroketa. Sortuk atzo, berak ere oharrean: "Zalantzarik gabe gaitzesten dugu Frantzian gertatutako tiroketa". ETAri eskatu diote su-etenerako hartutako konpromisoak berresteko eta "halakorik berriro gerta ez dadin neurriak hartzeko".
Polizia bat tiroz zaurituta, ustezko bi etakide atxilotuta
Asteburuko tiroketa horretan Frantziako polizia bat zauritu egin zen eta ustezko bi etakide atxilotuta daude —Itziar Moreno eta Oier Gomez dira, Polizia iturriek diotenez—. Igandean atxilotu zituen biok Poliziak, larunbatean kontrol batetik ihes egin nahian jendarme bat zauritzea leporatuta.