Politika

Rubalcaba: "Xehe-xehe aztertuko ditugu Bilduren zerrendak"

"Legezkoak diren bi alderdiren koalizioa" dela esan du Espainiako presidenteorde eta Barne ministroak, baina "iruzurrik egin ez dezaten" zaindu egingo dutela. EAk eta Alternatibak gaur erregistratu dute Bildu, Iruñean.

2011ko apirilaren 5a
16:25
Entzun

Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako presidenteorde eta Barne ministroak gaur adierazi du "xehe-xehe" aztertuko dituztela Bilduren datozen hauteskundeetarako zerrendak. "Hasiera batean, legezkoak diren bi alderdiren koalizioa" dela esan du Rubalcabak lehenik, baina gogoratu du Alderdien Legea hor dagoela eta gaineratu du "iruzurrik egin ez dezaten" aztertuko dituztela.

"Ezker abertzaleak ETArekin hautsi behar du. Zenbait mugimendu daudela ukatzea begi bistakoa dena ukatzea da, baina seguru egon behar dugu ez gaituztela engainatzen, indarkeria baztertu dutela. Hala ere, auzitegien arabera bide hori ez dute osatu", esan du Rubalcabak.

Eusko Alkartasunak eta Alternatibak gaur erregistratu dute Bildu koalizioa, Iruñean. Herenegun aurkeztu zuten, eta Pello Urizar EAko idazkariak azaldu zuen bi alderdi horiez gain abertzale eta ezkertiar independentistek ere osatuko dutela.

Larunbatean aurkeztuko ditu koalizioak udal eta foru hauteskundeetarako hautagaitzak, eta horiek datorren astean erregistratu beharko dituzte, hilaren 13tik 18ra. Apirilaren 20an publikatuko dira hauteskundeetan lehiatuko diren zerrendak, eta 25ean eta 26an ofizialduko dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.