Jesus Egiguren PSE-EEko presidentea ezker abertzalearen "ordezkaritza politikoa erakunde publikoetan sartzeko" sustatzearen alde dago, baita gatazkan "neurri humanitarioak" hartzearen alde ere, gaur El Pais Espainiako egunkariak eta Vocento taldekoek argitaratu dutenez. Baina segituan etorri zaio erantzuna Alfredo Perez Rubalcaba alderdikide eta Espainiako Gobernuko Barne ministroaren aldetik: ezezkoa. Rubalcabak adierazi du Egiguren "erabat oker" dagoela eta gobernuak ez daukala ezker abertzalea legeztatzeko asmorik.
Egigurenek adierazi du berak proposatutakoa gauzatzeko baldintza ezker abertzaleak ETAren indarkeria "baztertzea" edo hura erakunde armatutik "aldentzea" litzatekeela. Barne ministroak ezker abertzaleari ETA armak uzteko "konbentzitzeko" eskatu dio edo harengandik aldentzeko.
PSEko presidenteak uste du ezker abertzalea ildo horretan "eboluzionatzen" ari dela. "Garapen hori gehiago lagundu daiteke sustatuz, pasibo egonez baino".
Haren arabera, betiere kazeta horiek diotenez, Patxi Lopez PSEko idazkari nagusi eta Eusko Jaurlaritzako lehendakariak eta Antonio Basagoiti EAEko PPko presidenteak "baketzeari heldu" egin beharko liokeke. "Arriskatzen badira eta iraganeko aurreiritziak uzten badituzte, talde parlamentarioen eta herritarren babesa izango dugu", dio Egigurenek.
Espainiako Gobernuaren estrategia egokia dela deritzo PSEko buruak, "hori baita honaino ekarri gaituena". ETA bukaeran dagoela iritzi dio eta ezker abertzaleak harekiko jarrera kritikoa duela.
Lopez: "Nik zuzentzen dut Jaurlaritzaren bakegintza politika"
"Nik zuzentzen dut Eusko Jaurlaritzaren bakegintza politika, eta politika honen irizpideak ez dira aldatu. Ezker abertzaleak egin behar duena egiten ez duen bitartean, ez du lurreratzeko pistarik izango". Hala adierazi du Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariak gaur, Eusko Legebiltzarrean, Egiguren alderdikide eta legebiltzarkideari erantzunez bezala. "Egigurenek esandakoak, bere iritzi pertsonalak dira".
Lopezen ustez, ezker abertzaleak "[ETAren] Indarkeriarekin moztu beharra du, edo ETA desagertzeko lan egin, truken ezer jaso gabe".
politika
Rubalcabak dio Egiguren "erabat oker" dagoela eta gobernuak ez duela ezker abertzalea legeztatzeko asmorik
ETAren indarkeria "baztertzea" edo erakunde armatutik "aldentzea" litzateke baldintza, PSEko presidentearen arabera. "Ezker abertzalearen eboluzioa gehiago lagundu daiteke sustatuz, pasibo egonez baino".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu