Alfredo Perez Rubalcaba Barne ministro eta Espainiako Gobernuko presidenteordeak ez du ongi ikusten Bilduri erakundeetan gobernatzea ahalbidetu diezaioketen itunak egitea. Gipuzkoako Foru Aldundia jarri du horren adibide. Hortaz, Patxi Lopez lehendakariak egindako proposamena babestu du Rubalcabak: «Nire esku balego, ez nuke utziko, eta akordio baten bila ibiliko nintzateke Bilduk ez agintzeko». Ser irrati katean esan ditu hitzok.
PSE -EEn bestelako iritziak entzun badira ere,Rubalcabak ziurtatu du sozialistek ez dutela Bildurekin akordio instituzionalik egingo. Hala ere, Bilduk proposamen «onak» egiten baditu, koalizioarekin unean uneko akordioak lor daitezkeela esan du. «Gustoko ez dugun talde batek egiten duen proposamen batek ez du zertan txarra izan behar», azaldu du.
Bakea, «gertuago»
ETAren amaieraz ere mintzatu da Barne ministroa. Erakunde armatua «pixkanaka desagertzen» ari dela azaldu du, eta bakea gertuago dagoela. «Bi urte joan dira atentaturik gabe, eta kale borrokaeta iraultza zerga desagertu egin dira». Rubalcabaren hitzetan, «egoera normalduz» doa, eta «aurrera pausoak» ematen ari dira. Besteak beste, aipatu du mehatxatuek ez dutela zertan kotxearen azpian begiratu behar, eta askok bizkartzainikgabe atera ahal direla kalera. «Aurrerapauso argiak ematen ari gara, eta bakea gero eta gertuago dago», azpimarratu du.
Rubalcabak ez du nahi Bilduk gobernatzea
Barne ministroak dio «bere esku balego» Bilduk erakundeetan ez agintzeko akordioa bilatuko lukeela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu